Elantxobekoak txapeldunorde, Bizkaiko Batel Txapelketan
Mutilen gazte mailan, Itsasoko Amaren atzetik bigarren sailkatu da Elantxobe. Absolutuetan, hirugarren geratu dira Bermeoko mutilak, eta Mundakako neskak bosgarren sailkatu dira.
Asteburuan Sestaon lehiatu dute Bizkaiko Batel Txapelketa. Zapatuan sailkatze estropadak lehiatu zituzten eta domekan finalak.
Elantxobekoek zilarrezko domina lortu zuten mutilen gazte kategorian. 09:27.67 denbora egin zuen Itsasoko Ama txapeldunak, eta Elantxobe segundo bat eta bederatzi ehunenera sailkatu zen. Kaikuk osatu zuen podiuma, eta Isuntza laugarrenaren atzetik, Bermeo izan zen bosgarrena, irabazlearengandik 21 segundo eta 2 ehunenera.
Absolutu edo senior mailakoen finalera sailkatzea lortu zuten bezperan Elantxobek, Bermeok eta Mundakak. Lehenengo biek gizonezkoen finala lehiatu zuten. Bermeok brontzezko domina lortu zuen, eta Elantxobe laugarren sailkatu zen. Itsasoko Ama irabazleak zortzi minutu, 37 segundo eta 35 ehuneneko margagaz lortu zuen Bizkaiko bandera. Zierbena sailkatu zen bigarren, zazpi segundo eta 77 ehunerera, eta bermeotarrak irabazleengandik bederatzi segundo eta 11 ehunenera sailkatu ziren. Elantxobekoek, berriz, irabazleengandik 35 segundora amaitu zuten.
Mundakak emakumezkoen finalean eduki zuen ordezkaritza. Bosgarren sailkatu zen, Deustu txapeldunarengandik (10:03.66) 34 segundo eta 80 ehunenera.