Bizkaiko Kluben Txapelketan parte hartu dute bermeotarrek
Izaro Egibar bermeotarra kide den Durango Kirol Taldeak irabazi du txapelketa mutilen zein nesken kategorian.
20, 18 eta 16 urtez azpikoen kategorietako Bizkaiko Kluben Txapelketa lehiatu zuten Bermeoko Taraska Atletismo Taldeko sei kidek zapatu arratsaldean, Basaurin. Bermeoko klubak mutilezkoen taldea eroan zuen, eta hamaikagarren sailkatu zen. Hain zuzen, Izaro Egibar bermeotarra kide den Durango Kirol Taldea mutilen zein nesken multzoan nagusitu zen.
Mikel Lertxundi entrenatzaileak azaldu duenez, partaide gutxien izan dituzten taldea izan dira, baina parte hartu dutelako pozik daude. “Gaur egungo egoeran, zailtasun asko daudenez, halako probetan parte hartu ahal izatea da garrantzitsuena. Entrenatzea ere nahikoa zaila egiten zaigu, ez dugulako lekurik eta kalean entrenatzen dugu. Txapelketa honetan kategoriak batzen dira, eta 16 eta 20 urte bitartekoek parte hartu ahal dute. Hamabi proba izan ziren, eta gu sei atletagaz joan ginen, adin tarte horretan federatuta ditugun denekin. Adin tarte horietako bina atleta izan ziren. Halako txapelketetan, zenbat eta jende gehiago eduki, puntu gehiago batzen dituzu”.
Honako atleta hauek ordezkatu zuten Taraska: Unax Picok, Ugaitz Madariagak, Ibon Galanek, Luca Etxebarriak, Ekain Lertxundik eta Gaizka Agirrek.
Lertxundik pisu jaurtiketako proba irabazi zuen, 11.75 markagaz. Gainontzekoei alde nahikoa atera zien. 9.25 egin zuen Sekulebelarra Kirol Klubeko Gorka Peña bigarrenak eta 9.15 Artunduagako Unai Alvarezek.
Picok 100 m-ko lasterketa egin zuen, 300m-koa Madariagak eta Galanek 600 m-koa. Etxebarriak, berriz, 300 m-ko hesi proba lehiatu zuen, eta Agirrek xabalinakoa. 4X100m-ko errelebokoa ere egin zuten Bermeoko taldekoek; Pico, Lertxundi, Etxebarria eta Madariga aritu ziren korrika.