Pello Bilbaok seigarren amaitu du Itzulia
Itzuliko lehen euskalduna izan da txirrindulari gernikarra, segundu gutxigatik geratu da podiumetik kanpo. Etapa garaipena eskura eduki du aurtengoan, Ion Izagirregaz lehia estua eduki du Hondarribiako helmugan.
Apirilaren 5etik 10era lehiatu dute Itzulia, eta seigarren sailkatuta, Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarra izan da sailkapeneko lehen euskalduna. Primoz Roglic irabazlearengandik minutu bat eta 28 segundora sailkatu da.
Itzuli hau zapore “gazi-gozoagaz” amaitu duela adierazi zuen zapatuan. Izan ere, 4.etapan garaipena lortzeko gertu egon zen. Bost txirrindulari batera helmugaratu ziren eta Ion Izagirregaz photo finishean erabaki zen etapa. Gernikarra 10 zentimetrogatik bigarrena izan zen Hondarribiako helmugan.
“Pena bat. Bigarren postu batekin 10 zentimetrogatik eta gaur ere segundu gutxigatik podiumetik kanpo. Zapore gazi-gozoaz amaitzen dut Itzuli hau. Baina esan beharra daukat hona sentsasio eskasekin etorri nintzela. Tirreno ostean bi aste nahikoa eskasak pasatu nituen etxean. Ezin izan nuen nik nahi beste entrenatu eta sentsazio eskasekin egon nintzen. Hemen egotea eta garaipenetik hain gertu, gauza polita dela uste dut, eta baloratu beharra dago. Seguru hemendik indartsu aterako naizela”. Orain helburu garrantzitsuak datorzkiola azaldu duen. Italian Alpeetako Tourra eta Giroa lehiatzeko prestatuko da.