Ligako titulua lortzeko finalaurrekoetan
Gernikako saskibaloi klubaren historian mugarria markatu dute jokalariak. Ligako titulua lortzeko finalaurrekoetan sartu dira lehenengoz. Perfumerias Avenidaren kontra jokatuko dute apirilaren 22an Malosten eta apirilaren 25ean Salamancan.
Urtez urte hobetzen, handitzen eta markak apurtzen doa Lointek Gernika Bizkaia. Ligako titulua lortzeko borrokan beste pauso bat eman dute aurten. Klubaren historian lehenengoz finalaurrekoetan egongo da talde gernikarra.
Perfumerias Avenida ahaltsuaren kontra ariko da datorren astean. Apirilaren 22an [eguena] Malosten jokatuko dute, 20:00etatik aurrera, eta apirilaren 25ean [domeka] Salamancan ordu berean.
Marta Alberdi gernikarrak harro sentitzen direla azpimarratu du: “Halako herri txiki batentzat eta klub txiki batentzat finalaurrekoetara heltzea izugarria da”. Avenidaren kontra “galtzeko ezer ez” daukatela eta “dena ematera” aterako direla esan du: “Gure helburuak bete ditugu; historia egin dugu”. Poza eta harrotasuna. Berba horiekin deskribatu du lortutako balentria Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak ere: “Lehenengo lau onenen artean egotea pozgarria da. Jokalariek denboraldi osoan zehar lan asko egin dute. Klubarentzat Superkoparen finalean egotea, eta Eurokopan eta ligan lortu duguna lortzea ikaragarria da. Taldeak egin duenagatik zaleak harro sentitu behar dira, eta zuzendaritzari eskerrak eman gura dizkiot, modu umilean eta ikusten ez den lana eginda proiektu hau aurrera egitea posible egiten duelako”.
Final-laurdenetan Movistar Estudiantes talde madrildarra mendean hartuta lortu du finalerdietarako txartela. Denboraldian zehar lehia estua eta polita eduki dute taldeek, eta final-laurdenetan ere horrela izan zen. Emozioak azken momentura arte iraun zuen. Joanekoan bost puntuko errenta lortu zuen Estudiantesek, eta joanekoan Lointek Gernika Bizkaiak 74-64 irabazi zion Malosten. Amaieran festa lehertu zen, marea granatearen oihuak eta txalo zaparradak falta izan zitzaizkien jokalariei eta gainontzeko taldekideei, baina zaleak momentu oro presente eduki zituzten.
Egin behar zutena egin dutela eta, “amesten segituko” dutela nabarmendu du Roso Buchek: “Presioa gainetik kendu dugu, eta orain Avenidaren kontrako partiduak prestatzeko entrenatzen segituko dugu”.