Gernikarrak memoriaren lekuko izango dira apirilean
Hilabete osorako egitaraua prestatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 15ean hasita, maiatzaren 3an emango diete amaiera ekimenei. Bonbardaketaren urteurrenaren egunean '4 minutu' ekimena eta kandelen manifestazioa egingo dituzte.
Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrena gogoan izateko egitarau zabala antolatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 15ean hasita, hilaren 26ra arteko ekitaldiak izango dira. Memoria egiteko hainbat aukera eskainiko ditu plataformak. Elkarrizketak, ikusentzunezkoak, memoriaren mapa eta Newroz ospatzeko ekitaldia, Kurdistango herriarekin bat eginez. Ingo Niebel eta Xabier Irujo historialariak, Jose Mari Esparza eta German Ereña idazleak edota Bidasoako Kepa Ordoki elkartea izango dira berbaldiak ematen. Memoriaren mapa ere erakutsiko dute: preso errepublikarrek eraikitako Gernika. Oroimen ibilbidea eginez aurkeztuko du Gernika-Lumoko Sarek preso errepublikarrek Gernikan berreraiki zituzten eraikinak zeintzuk diren.
Egia, aitortza, memoria, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute plataforma osotzen duten elkarteek. Egoerak baldintzatuta, baina bonbardaketaren urteurrenaren egunean [apirilaren 26an] ere memoriak bere lekua izango du Gernika-Lumon. Sirena-hotsa entzungo da herritarrek 4 minutu ekimenarekin bat egiten duten bitartean, 15:45ean. Era berean, kandelen manifestazioa egitea ere erabaki dute. Ohi baino lehenago hasiko da, 20:00etan.
Berritasunak eta sorpresak. Memoria bizirik mantentzeko lan egiten dute plataformako kideek, eta memoria hori ahalik eta modu anitzagoan zabaltzea ere badute asmo. Horrela, urteurren honetarako zerbait berezia prestatzen ari direla jakinarazi dute, eta datozen egunetan emango dute horren berri. Plataformako kide diren Lobak-en eskutik, Magali Sare eta Sebastia Gris katalanen kontzertuagaz gozatzeko aukera izango da apirilaren 25ean, Astran. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera 10 euro ordaindu behar da.
Horrez gain, Gernika Batzordeari buruzko dokumentala prestatzen ari dira, eta apirilaren 26an aurkeztuko dute aurrerapena, Internet bidez.