Gernikak garaipenagaz hasi du bigarren fasea
Gernikak 4-0 irabazi dio Pasaiari. Bigarren fase hau orain arteko sentsazio onekin hasi dutela azpimarratu du Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak.
2. B mailara igotzeko lehian, ligaren 2. fasearen 1. jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta SD Gernikak 4-0 irabazi zion Pasaia KEri, zapatuan [apirilak 10].
Lehen zatian erabaki zen partidua. 13. minutuan Etxabek estreinatu zuen markagailua eta hamar minutu beranduago ailegatu zen 2-0ekoa, Aleren golagaz. 3-0ekoa Olaziregik sartu zuen bere atean, eta 40. minutuan Etxabek penaltiz egin zuen partiduko laugarren eta azken gola. Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak adierazi du sentsazio onak eduki zituztela: “Lehen minututik 35.enera sentsazioak oso onak izan ziren; ia erabakita utzi genuen partidua”. Izan ere, 34. minutuan Cabanasi txartel gorria atera zion epaileak. Orduan, markagailuari eusteko ahaleginean aritu ziren Gernikakoak. Valesen berbetan, “partidua aldatzean, erasoan gauza gutxiago egin eta defentsa indartu” behar izan zuten. Jokalari bat gutxiagogaz aritu arren, defentsan taldeak “serio eta ondo antolatuta” jokatu zuen, eta lehenengo zatiaren amaiera horretan zein bigarrenean Pasaiak ia ez zuen arriskurik sortu.
“Sentsazioak onak dira. Ondo hasi gara. Nahi dugun ildo horretatik segitzen dugu, eta pozik gaude”, zehaztu du entrenatzaileak.
Fase honetan sei jardunaldi lehiatuko dituzte. Euren multzoko talde denak “seguruak” direla azpimarratu du Gernikaren entrenatzaileak, eta aurrerantzean jokatu beharreko partidu “oso zailak” izatea aurreikusten du: “Sei partiduak konplikatuak izango dira. Fase honetara heldu garen talde guztiok lehenengo fasean gauzak oso ondo egin ditugulako gaude hemen. Bakoitzak bere multzoan talde indartsua dela eta igoera fasean egotea merezi duela erakutsi du. Guk egunez egun pentsatu eta lanean segitu behar dugu. Orain arte moduan oso ondo entrenatzen eta jokatzen jarraitu behar dugu. Talde umila eta lehiakorra izaten segitu”.
Asteburu honetako jardunaldiari dagokionez, talde gernikarrak Urdulizen jokatuko du domekan [apirilak 18].
Urduliz denboraldi honetan ezustekoa eman duen taldea dela dio: “Taldea ondo antolatuta dauka entrenatzaileak, erasorako estrategia oso ona dauka eta maila oneko jokalariak ditu. Agian, ez zuten espero dauden egoeran egotea, beraz, denboraldi hasieratik hemen egoteko eginbeharra eduki dutenen presiorik ez dauka taldeak. Dauden lekuan egotea saria da eurentzat. Batzuetan horrek erantzukizuna kentzen dizu eta hobeto jokatzea eragiten du”. Orain arte egin duten modura, “aurkari guztiak errespetuz hartzen” dituztela gaineratu du, eta aurkariei baino batik bat euren egoerari begiratu behar dietela uste du: “Lehenik eta behin arreta gugan jarri behar dugula esaten diet jokalariei. Denboraldi osoan erakutsi dute entrenatzen duten moduan jokatu eta lehiakorrak izanez gero, talde gogorra osatzen dutela”.