Gernika-Lumoko TAOko langileak ERTEn jarraitzen dutela salatu du LABek
LABek TAO zerbitzuko langileak zergatik dauden oraindik ERTEn galdegin die udalari eta enpresari. Halaber, langileak informatzeko eta eragindako kalteaz arduratzeko eskatu dio sindikatuak udalari, baita langileak konpentsatzeko exigitu ere.
2020ko martxoan, konfinamenduagaz batera, Gernika-Lumoko Udalak eta GERTEK enpresak –Gernikako TAO zerbitzua ematen duen enpresak– herriko TAO zerbitzua etetea erabaki zuten. Ezinbesteko ERTE bat sartu eta langileak ERTEra joan ziren, “langileen osasuna bermatzeko asmoz”. LAB sindikatuak “begi onez” hartu zuen erabaki hori, orduko informazio eta egoera ikusita, garrantzitsuena osasuna bermatzea zelako. Hala ere, langileek oraindik ERTEn jarraitzen dute, eta hori ez dela “bidezkoa” deritzo sindikatu abertzaleak: “Pandemiaren aitzakipean urte betez ERTE hau luzatzea ez da bidezkoa“.
Hain zuzen, Gernika-Lumoko TAOko zerbitzua martxan jarri ez izana salatu du, beste herrietako enpresa bereko langileak lanean dauden bitartean: “Behin konfinamendu eta segurtasun neurriak lasaitzen joan ziren heinean, eta dendak, tabernak edota kirol zentroak irekitzen hasi zirenean, Gernika-Lumoko TAOko langileak ez ziren lanean hasi. Bestalde, beste herrietako enpresa berdineko langileak lanean zeuden”, azaldu dute sindikatu abertzalekoek.
LABeko ordezkariak TAO zerbitzua ematen duen enpresagaz harremanetan jarri ziren eta enpresak “lanean hasteko prest” zeudela esan ziela aitortu dute, “beste herri batzuetan egin bezala”. Izan ere, euren diru sarrera TAOko makinetan batzen den dirua da; urteko abonu kuota, berriz, udaletxeak jasotzen du. Hala ere, “udalaren onespena” behar zutela jakinarazi zioten sindikatuari. Hala, udalagaz harremanetan jarri ziren sindikatukoak: “2020ko irailean, Gernika-Lumoko alkatetzarekin jarri ginen kontaktuan, eta zerbitzua etenda zegoela aprobetxatuz, lizitazioan zeuden arazo batzuk konpondu nahi zituztela esan ziguten. Gero, agiri berriak atera eta lizitazio berriagaz zerbitzua martxan jarriko zutela gaineratuz”. Ordutik sei hilabete pasatu dira eta langileak “inolako informazioarik barik” jarraitzen dutela salatu du LABek.
Azalpen eske. LABekoek jakinarazi dutenez, “behin eta berriz” saiatu dira udaleko arduradunekin berba egiten, baina ez dute lortu: “Kalte izugarria jasaten ari diren langileei azalpenak emateko udaletxean ez omen dute denborarik, baina bai komunikabideetan azalpenak emateko”.
Hori dela eta, LABek TAO zerbitzuko langileak zergatik dauden oraindik ERTEn galdegin die udalari eta enpresari. Halaber, langileen egoera aintzat hartzeko eskatu die: “Kontuan hartu behar da langileek urtebetez euren soldataren %70 kobratu dutela eta urritik euren langabezi egunak kontsumitzen ari direla”.
Hala, langileak informatzeko eta eragindako kalteaz arduratzeko eskatu dio LABek udalari, baita langileak konpentsatzeko exigitu ere.