Euskal presoen eskubideen aldeko deiadarra Solluben
Deiadar mendietara igotzeko Sare Herritarrak egindako deialdiagaz bat egin dute Busturialdeko hainbat herritarrek
Izan Bidea dinamikaren barruan, euskal presoek pairatzen duten salbuespen legedia salatzeko ekimen berezia egin zuten zapatuan, Sare Herritarrak deituta. Bost deiadar mendietan batzeko deiari erantzun, eta Sollubera igo zuten Busturialdeko hainbat pertsonak. Bertan egin duten ekitaldian nabarmendu dutenez, presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatu du Sarek, eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa dela urruntze politikarekin amaitzea eta graduen progresioa aplikatzea preso denei. “Gero eta gehiago gara sarea osotzen dugun pertsonak, eta kilometroak gehitzen goaz. Gure pausoek helburu argia dute, presoen arazoari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren eta bakearen bidean aurrera egitea”, azaldu dute.
Izan Bidea dinamikak ideologia anitzeko pretsonak batu dituela nabarmendu dute, eta gizarte aktibazioa instituzioen lanarekin uztartuta, egoerari behin betiko konponbidea emateko gai izango direla sinistuta daude. “Aldaketak ematen ari dira, eta horiek hauspotzeko eta muturreraino emateko bermea gara. Helburu komunak ditugulako: urruntze politikarekin amaitzea, preso eta erbesteratuak herrira bueltatzea eta salbuespenik gabe, preso denei gradu progresioa aplikatzea”. Horretarako, egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen politika desagerrarazi behar dela esan zuten Solluben. Izan ere, salbuespen politika horren ondorioz, besteak beste, gaixotasun larriak dituzten presoek kartzelan jarraitzen dute, eta 80 baino gehiago dira gaur egun oraindik motxiladun umeak. “Horiek, praktikan, umezurtz daramate pandemia hasi zenetik urte oso bat”.
Maiatzaren 8an “erronka historikoa”. Orain urte bat abiarazi zuten Izan Bidea ekimena eta guztira milioi bat kilometro zenbatu dituzte euskal herritarrek. Sare Herritarrak azaldu legez, bada garaia salbuespen neurriekin amaitzeko, presoek dituzten eskubideak bermatzeko eta denen artean bermatzeko apurka-apurka etxerako bidea hartuko dutela. Hala, maiatzaren 8an egingo duten 650 tontor ekimenagaz bat egiteko deia egin du Sare Herritarrak. “Erronka historikoa da, milaka lagun izango garelako tontor horietara igoko garenak”.