Datorren astelehenean zabalduko dute saihesbidea eta herrigunearen arteko lotura berria
Semaforo sare sistema berria jartzeaz gain, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu dute, kale batzuetako norabideak aldatuz.
Atzera kontua hasi da. Hainbat denbora zain egon ostean, datorren astelehenean zabalduko dute Tellaetxe Tar Josu kaletik saihesbideraino helduko den sarrera. Hala baieztatu zuen joan den astean Bermeoko Udalak.
Azken hilabeteetan “lan garrantzitsuak” egin dituztela azaldu dute. Izan ere, herriko sei kaleen (Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea) eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzeko bidegurutzearen obrak egin behar izan dituzte. Behar horiek egiteko inbertsioa “handia” izan da, 276.612,23 euro, hain zuzen ere.
Udal arduradunek azaldutakoaren arabera, loturaren helburuak, besteak beste, herriko hainbat gunetako trafiko dentsitatea txikitzea izan da, herritarren segurtasuna handitzea, eta ondorioz, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzea.
Herriko sei kale batzen dituen bidegurutzean hainbat hobekuntza lan egin behar izan dituztela gogorarazi dute. Erreinezubi kalea eta bidegurutzea bera asfaltatzeko lanak egin dituzte, ura bideratzeko kainu-zuloak eta sareta berriak jarri dituzte, zenbait espaloitan hobekuntza lanak egindituzte, edukiontzi eta zerbitzu guneak (zamalanetarako guneak eta autobus geltokia adibidez) berrantolatu dituzte, eta seinale bertikal berriak jarri dituzte, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain. Gainera, ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorriak antolatzen laguntzeko semaforoak jarri dituzte.
Semaforo sare sistema berria jartzeaz gain, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu dute, kale batzuetako norabideak aldatuz. Hala, Erreinezubi eta Askatasun bidea kaleetan norabide aldaketak egongo dira astelehenetik aurrera, eta Ondarraburu kaleko aldapa zarratu egingo da ibilgailuentzat. Horrez gain, Askatasun Bidean ordaindu gabeko aparkaleku sistema ezarri dute, TAO sistemaren antzera funtzionatzen duena. Hamabi aparkaleku daude, eta ibilgailuek 90 minutu egon ahalko dute aparkatuta.
Azken hileetan egindako lan horiengatik, herriko zeharkaleetatik ibili barik, Bermeora sartzeko edo handik irteteko aukera edukiko dute herritarrek astelehenetik aurrera. Modu horretan, herriko erdiguneko zirkulazioa ere “arindu” egingo dela uste dute udal arduradunek.
Bermeoko Udal Gobernuak esan du helburu estrategikoetako batean “aurrerapauso garrantzitsu” bat ematea lortu duela: “Lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea hobetuz”.