Basurdeek bigarren faseko partidu denak irabazi dituzte
Ohorezko Mailara igotzeko fasean, Gernika Rugby Taldeak Fenix Rugbyren kontra jokatuko du final-laurdena, apirilaren 25ean, Urbietan.
Lehen fasean modura, bigarrenena ere partidu bakar bat bera ere galdu gabe amaitu dute basurdeek. Orain, Ohorezko Mailara igotzeko final-laurdenetara begira daude. Fenix Rugby Zaragozako taldea hartuko du Urbietan, apirilaren 25ean [domeka].
Egun horretan jokatuko dituzte gainontzeko hiru final-laurdenak. Hernani CREk CAU Valenciaren zelaia bisitatuko du. CR La Villa-Pasel Belenos RC eta Pozuelo Rugby Union-UR Almeria Playacar taldeen artekoak izango dira beste bi final-laurdenak.
Hilaren 25eko partidua irabaziz gero, Gernika-Lumoko taldeak Pozueloren edo Almeriaren kontra lehiatuko luke finalerdia, maiatzaren 2an.
Asteburu honetan jokatu dute ligaren bigarren faseko azken norgehiagoka. Talde gernikarra 76 eta 0 nagusitu zitzaion AVK Bera Bera Rugby Taldeari, zapatuan [16.jardunaldia].
Lehenengo momentutik nagusi izan ziren etxekoak. Jokoan murgilduta, hamargarren minutua bete orduko bi entsegu egin –Agustin Tomas Verolirena bata eta Jon Aboitizena bestea–, eta markagailuan aurrea hartu zuten basurdeek. Donostiarrek ere beraien jokoa ezartzeko ahalegina egin zuten, eta hogei bat minutuz etxeko taldearen jokoan eragitea lortu zuten. Hala ere, etxekoak bisitarien jokoa iraultzeko gai izan ziren, partidaren kontrola bereganatuz.
Lehen ordu erdia betetzear zela iritsi zen Gernika Rugby Taldearen hirugarren entsegua, Federico Steinen eskutik. Segituan, Andoni Martinek egin zuen laugarrena. Hala, lehen ordua erdia jokatuta, 26 eta 0-koa zen emaitza Urbietan. Lehen zatia amaitu orduko, Albertus De Bod-ek egin zuen gernikarrentzat bosgarren entsegua. Beraz, 31-0ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian ere Gernikakoak izan ziren nagusi. Neurketa behar bezala kudeatzeko gai izanda, defentsan ere diziplina osoz jokatu zuten, eta nagusitasun hori markagailuan islatzeko gai izan ziren zapatuan. Bigarren zatia hasi bezain pronto heldu zen Jokin Eskolarren entsegua, basurdeentzat seigarrena. Pare bat minutu baino ez ziren igaro Eneko Gorostizak zazpigarrena egin zuen arte. Bigarren zatirako lehenengoanizandako erritmoa mantentzea zen gernikarren helburua; horretarako, burutu zitzakeen aldaketa guztiak egin zituen Eduardo Maidagan entrenatzaileak. Erabaki horrek emaitzak izan zituen, eta partidaren azken hogeita bost minutuetan ere entseguak gehitzen joan ziren gernikarrak: Andoni Larrabeiti, Jokin Eskolar eta Eneko Gorostizaren hiru entseguei esker, markagailuan tartea handitu zuten etxekoek.
Aipagarria da neurketaren azken hamar minutuetan ztentsioa areagotu zela Urbietako zelaian. Epaileak gernikarren aldeko zigor-entsegua adierazi zuen eta, azken minutuan, Siyabonga Masukuk neurketako azken entsegua lortu eta transformatu zituen, markagailuan 76 eta 0 definitiboa ezarriz.