Ernest Hemingwayk Euskal Herriagaz izandako harremana, ikusgai
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak Hemingway & Euskal Herria erakusketa inauguratu du gaur goizean. Hain zuzen ere, Ernest Hemingway idazle eta kazetari amerikar ospatsuak Euskal Herriagaz izan zuen lotura estua kontatzen du 2022ko urtarrilaren 30era arte ikusgai dagoen erakusketak.
1920ko hamarkadan euskal Herrira egin zituen lehen bisitetatik hasi, Kuban egin zuen egonaldiatik igaro eta 1961ean Idahon hil zen arte, Hemingway idazleak Euskal Herrian jaiotako lagun asko egin eta izan zituen, eta horiei buruzko informazioa ematen du erakusketak. Era berean, kontaktu batek euskal kultura eta gastronoiari buruzko ezagutza handia eskuratzea ahalbidetu zion, euskararekiko ere interesa agertuz.
Hori horrela, idazlearen eta Euskal Herriaren arteko lotura erakusten duten objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, idatziak edota bitxikeriak ikusi ahalko dituzte bisitariek. Horien arten, Jose Maria Ucelayren Conversation Piece, Just Leisure olio-pintura dago, zeinetan Hemingway bere lagun min Juan Duñabeitiarekin dagoen. Horrez gainera, Pilar izeneko yate baten maketa ikus daiteke. Erakusketan zehaztu dutenez, Hemingway II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia da. Helados Pereira-ren gurditxoa ere ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan.
Erakusketan Martha Gellhorn kazetari, gerra erreportari eta idazleak idatzitako Hemingway and Euskal Herria kontakizunagaz ikus daiteke. Gellhornek, batez ere, Hemingwayk Habanan bizi ziren pilotariekin zuen harremana kontatzen du. Pieza horiez aparte, bere eleberrien eta idazlearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenen, ikus-entzunezkoen, argazkien eta eguneroko beste objektu batzuen aleek osatzen dute erakusketan ikusi ahal izango diren objektuen zerrenda.
Jarduerak eta bisitak. Euskal Herria Museoak bisita gidatuak eta hainbat jarduera eskainiko ditu apiriletik aurrera, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotuta; besteren artean, zine foruma, ipuin kontakizunak, irakurle txokoa, ibilbideak eta hitzaldiak. Hain zuzen, maiatzean, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik.
Gainera, maiatzean Literatura eta Ondarea ekimenaren baitan, Edorta Jimenezek Night Before Easter kontakizunari buruzko hitzaldia emango du. Hain zuzen, gaur lehenengoz aurkeztu du liburu hrren euskarazko argitalpena: Pazko Bezperako Gaua. Erramun Mendibelanda euskal margolari, grabatzaile eta ilustratzailea arduratu da liburuaren diseinuaz eta maketazioaz; liburuari bizia ematen dioten ilustrazioen egilea ere bada.