Bi pertsona ikertzen ari dira Elantxoben aurkitutako barruko marihuana plantazio batengatik
Droga-trafikoa eta argindarrarekin iruzur egitea leporatu diete 37 eta 26 urteko bi pertsonari. Ertzainek 420 landare, 284 aldaxka eta landareak hazteko eta tratatzeko behar den materiala atzeman dituzte Elantxobeko etxebizitza batean.
Ertzaintza Elantxoben aurkitutako barruko marihuana-plantazio batekin zerikusia duten bi pertsona ikertzen ari da, eta Gernika-Lumoko Epaitegira “joan beharko dute deitzen dietenean”. Droga-trafikoa eta argindarrarekin iruzur egitea leporatu diete 37 eta 26 urteko bi pertsonari. Izan ere, plantazio horretarako legez kanpoko argindar-konexioa zeukaten eginda etxebizitza horretan.
Segurtasun Sailak asteon jakitera eman badu ere, aurreko astean atzeman zituzten “420 marihuana-landare, 284 aldaxka, lehortutako 682 gramo kukulu eta landareak hazteko eta tratatzeko behar den material guztia” etxebizitza baten barruan. Zehaztu dutenez, landareak hazteko ziklo osorako behar den azpiegitura guztiak zituzten: ureztapen-sistema automatikoa, bero-lanparak, airea berritzeko filtrodun sistema, hezetasun-kengailuak, polinizatzaile elektriko bat eta haxixa egiteko prentsa bat.
Urtarrilean hasitako ikerketa baten barruan kokatu dute Elantxobeko jazoera: “Elantxoben behar adina ebidentzia bildu zituzten ikertzen ari ziren higiezinean sartu ahal izateko epailearen agindua lortzeko”.