Bermeoko Udalak HITZAren 78 harpidetza egin ditu
Leku publikoetan LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren aleak banatzeko akordioa berretsi dute Bermeoko Udalak eta Lea-Artibaialdeko Hedabideek.
Leku publikoetan HITZA egunkariaren 78 harpidetza banatzeko akordioa adostu du Bermeoko Udalak LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAgaz, iaz baino 32 ale gutxiago, hain zuzen.
Aipatu akordioaren helburua, Bermeoko herritarren artean egunero euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna bultzatzea da, eta jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak 5.000 euro bideratu ditu horretara.
Gainontzeko urteetan egin modura, bi aldeen artean erabaki dute harpidetza horiek nora bideratu.
Egunkariak eroateko. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEko Hitzaren aleak hamaika leku publikotan egongo dira eskuragarri, honakoetan, hain zuzen ere: liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan, zaharren egoitzan, osasun zentroan, Kafe Antzokian eta Euskotrenen geltokian. Azken hiru leku horietan, gainera, atrilak jarriko dira herritarrek egunkariak handik hartzeko.
Beste urte batzuetan, ile apaindegietan, tabernetan, fisioterapia zentroetan eta holakoetan uzten ziren harpidetzak. Aurten, baina, COVID-19aren eraginez, egunkaria eskuz-esku ibiltzea ekidin behar da. Horregatik, aurrerantzean, egunkaria hartu eta norberak eroan beharko du, berriro lekuan utzi barik.
Kepa Zumeta Euskara saileko zinegotziaren esanetan, harpidetza sortaren gaineko akordioa aurrerapauso garrantzitsua da: “Horrela, herriko zein Busturialdeko berriak euskaraz irakurtzeko aukera izatea bermatzen dugu. Gure informazioa gure hizkuntzan jasotzeko ohitura zabaltzea berebizikoa da”.
Azaldu dutenez, aurtengo harpidetzak apirilaren 12tik 2022ko apirilaren 12ra bermatuta egongo dira.