Udarako Laidako aparkalekuan TAO sistema ezartzea aztertzen ari da Ibarrangeluko Udala
Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak dio herritarren "onurarako" izango den erabakia hartu gura dutela, eta horretarako euren eta langileen iritziak jasotzen ari dira.
Udako hilabeteetarako Laidako aparkalekuan TAO sistema ipintzeak edukiko lukeen eragina aztertzen ari da Ibarrangeluko Udala. “Herritarren eta bertako langileen onerako” bada, ezarriko dutela dio Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak: “Gu herriaren alde egiteko gaude. Herritarren eta langileen aldeko erabakia bada, aurrera egingo dugu, eta bestela, negatiboa bada edo euren kalterako bada, atzera egingo dugu”.
TAO sistemaren bidez aparkalekuak erregulatu nahi dituzte. Alkateak azaldu modura, alde batetik, herriko jendeari “onura edo mesede” egiteko izango litzateke, eta beste alde batetik, bertara doazen erabiltzaileen “errotazioa bermatzeko”.
Demarcacion de Costas del Pais Vasco Kosta-mugapeari eskaera egin dio Ibarrangeluko Udalak eta Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zuten aurreko astean. Prozedura hori hasi badu ere, aldi berean, herritarrekin hitz egiten ari dira udal ordezkariak. “Herriko jendeagaz berba egiten gabiltza, batez ere Laidako herritarrekin. Euren eta bestelako agente ekonomikoen iritziak batzen ari gara. Helburua da aztertzea TAO sistema ezartzeak zelako eragina edo inpaktua edukiko lukeen herritarren artean”.
Hartuko duten erabakia “herritarren aldekoa” izango dela azpimarratu du Ziluagak. “Laidako hondartza gune urbano batean dago, hau da, jendea bizi da han, eta herriko jende horrek zailtasunak edukitzen ditu aparkatzeko”.
Ezartzekotan, ekainaren 1etik udako denboraldia amaitu bitartean ezarriko lukete TAO sistema. “Aparkalekua kosta-mugapeari dagokio, itsas eta lur-juriskzioaren menpe dago. Beraz, legeak ez du baimentzen TAO sistema horren barruan herriko jendeak ez ordaintzea. Gu ez gaude ados horregaz. Kosten Mugapeak dio gune horretan denek dituztela eskubide eta betebehar berdinak. Gure ustez, ez dute kontuan hartzen leku urbanoa dela, eta beraz, hango jendeak bestelako behar batzuk dituela, ibilgailuak nonon utzi behar dituzte”. Alternatibak aztertzen ari dira. “Herritarren behar hori asetzeko bestelako alternatibak aztertzen ari gara, euren herrian aparkatzeko aukera izan dezaten. Sistema horren bidez beste alternatiba batzuk topatuta hori ezin badugu bermatu, ez litzateke ipiniko. Dena prest dago ezartzeko, baina garrantzitsuena helburua da, eta helburua da herriko jendea onuraduna izatea edota, behintzat , bere beharrak asetuko direla bermatu ahal izatea”.
Alkateak gogora ekarri du bertan bizi edo etxea daukatenez gain, 50 bat langile egoten direla uda sasoian Laidan: “Tabernetako langileak, udal langileak, hondartzainak, sorosleak… Jende asko dabil beharrean, eta horien beharra ere kontuan hartu behar da”.