Harremanak sendotzeko Barneteguna
Bizkaiko 45 gazte batu ziren zapatuan Gernika-Lumoko Astran. Gazteen arteko harremana ez galtzeko antolatu zuen eguna Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta helburua lortu du
Koronabirusak baldintzatuta, urteroko Neguko Barnetegia Barneteguna bihurtu du aurten Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Joan den zapatuan, DBHko 45 gazte inguru batu ziren Gernika-Lumoko Astran, eta egun osoko egitarauagaz gozatzeko aukera izan zuten.
Goizean elkar ezagutzeko jolasa egin ostean, txangoa egin zuten: Erreka hegaletik Kortezubiraino joan ziren, eta buelta. Ostean, pista jolasarekin eman zuten bazkal ordura arteko tartea, Gernika-Lumotik egin zuten Gynkanan. Momenturo taldeka, maskara jantzita eta bete beharreko neurriak bermatuta egin zituzten jarduerak, antolatzaileek argitu dutenez.
Bazkalostean, bertso saiorako gaiak prestatu zituzten gazteek. Hain zuzen, gai-jartzaile lanetan aritzea tokatu zitzaien. Maider Altuna, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio izan ziren bertsolari gonbidatuak.
Helburua beteta. Barnetegunaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. Bizkaiko bertso eskola desberdinetako ikasleak batu ziren zapatuan Gernika-Lumon. Adierazi dutenez, aurreko urteetako Neguko Barnetegietan egindako harremanak mantentzea zen asmo nagusia, eta bete egin da.