Gernika-Lumoko Udalak 22.230 bono kaleratuko ditu, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan gastatzeko
Maiatzaren 3an hasiko da 'Nik Gernikan 2021' bono kanpaina, eta kaleratuko dituzten 22.230 bonoek 110.000 euroko balioa izango dutela zehaztu dute udal arduradunek. Bonoen inpaktu ekonomikoa, berriz, 500.000 euro baino gehiagokoa izatea espero dute.
Bigarren urtez, hurbileko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko asmoz Nik Gernikan 2021 bono kanpaina jarriko du martxan Gernika-Lumoko Udalak. Maiatzaren 3an abiatuko dute kanpaina, eta zehaztu dutenez 22.230 bonotik gora kaleratuko dituzte, 110.000 euroko balioa izango dutenak.
Bi motatako bonoak kaleratuko dituzte, merkataritzan eta ileapaindegietan gastatzekoak eta ostalaritzan kontsumitzekoak. “110.000 euro horietatik 60.000 euro merkataritza bonoetara joango dira, eta 50.000 euro ostalaritza bonoetara”, zehaztu du Iñigo Magunagoikoetxea udaleko zinegotziak. Hori horrela, 5.850 txartel prestatuko dituzte merkataritza bonoetarako, eta 16.380 bono ostalarientzako.
Merkataritza bonoak Turismo Bulegoan salduko dira. Herritarrek Nortasun Agiria aurkeztu beharko dute, eta bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu. Bono bakoitzak 20 euroko balioa izango du, baina bonoen erosteko ahalmena 30 eurokoa izango da; 10 euroko onura izango dute beraz.
Ostalaritza bonoak, berriz, ostalari bakoitzak bere establezimenduan salduko ditu. Bonoak bi eurotan erosi ahalko dira, baina bonoen eros ahalmena bost eurokoa izango da. “Hilabete honetan merkatari eta ostalariak informatuko ditugu, baina badakigu 80 establezimendu inguru daudela herrian, eta ostalari bakoitzak 210 bono izango dituela saltzeko”, azaldu du Magunagoikoetxeak.
Ostalaritza bonuekin establezimendu guztiek bonu kopuru bera izatea bilatu dute, dirua taberna guztietan berdin banatzeko: “Beste bono batzuekin ikusi dugu establezimendu batzuek onura handia lortu zutela eta Gernikako beste leku batzuetara ez direla horrenbeste iritsi. Halaber, ostalari eta bezeroen artean hartu emanak sustatzeko ere balioko dutela uste dugu. Izan ere, ostalariak berak bonoak jasotzen dituenea bezeroak fidelizatu ahal izango ditu”.
Kanpainaren iraupena bi hilabetekoa izango da, baina pandemiaren eragina gertutik jarraituko dute, eta behar izanez gero, kanpaina luzatzeko aukera aztertuko dutela adierazi dute udal agintariek.
Bigarren urtez kaleratuko dituzte bonoak. Iaz, 576.670 euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen kanpainak udalerrian: “Emaitza oso ona izan zuen kanpainak, eta aurten ere, iazko formula berbera erabili dugu”. Hori horrela, bono kanpaina berriak Gernika-Lumon 500.000 edota 600.000 euro inguruko inpaktua izatea espero dute.
“Herritarrei esan gura diet, herrian kontsumitzeak eta gastatzeak garrantzi handia duela, eta horren alde egiteko”, eskatu du udal zinegotziak.
Tokiko merkataritzaren balioa. Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteko presidenteak merkataritzak eta ostalaritzak herrian duten indarra nabarmendu du: “Gernikan pandemiaren urte honetan denon artean lortu dugu ia establezimendurik ez iztea. Hori izan da udalaren, elkartearen eta herriaren lana izan da”. Baina ostalariei eta merkatariek egindako lana azpimarratu du, eta euren ahalegin handia eskertzekoa dela esan du.
Kontsumitzaileen joera ere aztertu dute elkartekoek, eta Gernika-Lumoko bizilagun askok ez zutela herrian kontsumitzeko ohitura esan du Muniategik: “Urte honetan konturatu gara mugikortasun-murrizketengatik Gernikako biztanleek herrian kontsumitu behar izan dutela gehiago. Aztertu dugu askok ez zutela ohitura hori, eta bultzatzen ari garen ekintzak garrantzitsuak izan dira, tokiko kontsumo hori sustatzeko”.
Errentatzaileen elkartasuna ere nabarmendu du: “Gernikako errentatzaileak ez dira enpresa handiak. Duela bi belaunaldi Gernikan lokal bat erosi eta alokatuta duen pertsonak dira, eta alokailuak ostalariekin berriro negoziatu dituzte, batez ere itxita egon garen tartean. Hori eskertzekoa da, negozio askok aurrera egitea ahalbideratu baitu”.
Horrez gain, udalaren eta elkartearen arteko harremana “ona” dela esan du elkarteko presidenteak. Udalak tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko egindako “apustu handia” eskertu du, eta bide horri jarraituko diotela esan du. “Harreman horri esker proiektuak aurrera atera dira eta arrakasta izan dute”.