Enplegu publiko gehiago sortzeko eskatu dute
Sektore publikoan greba deitu dute ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek apirilaren 22rako. Baina, gaur goizean, Bermeo eta Gernikako langile publikoak kalera atera dira, "enplegu publiko gehiago sortzeko eta dagoena egonkortzeko eskatzeko".
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako sektore publikoan greba deitu dute ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek apirilaren 22rako. Enplegu publiko berria sortzea, lan baldintzak hobetzea eta aldi baterako kontratuekin ari diren langileen enplegua finkatzea eskatu dute. Gaur goizean, baina, Bermeo eta Gernikako plazetara atera dira langile publikoak, “enplegu publiko gehiago sortzeko eta dagoena egonkortzeko eskatzeko”.
Administrazioan diharduten langile publikoen behin-behinekotasun tasa salatu gura dute grebagaz. Sindikatuek uste dute langileen egoera “gero eta kezkagarriagoa” dela, eta behin-behinekotasuna, “onartezina”. Jakinarazi dutenez, hiru lurraldeetako langile publikoen %40k ez dute kontratu finkorik.
Gainera, pribatizazioen dinamikak aurrera jarraitzen duela salatu dute: “Zerbitzu publikoak indartu eta kalitatea hobetu beharrean, ikuspegi merkantilista geroz eta hedatuago dago; lan zama altuak, eskubideen murrizketak edota kidegoa gaztetzeko zailtasunak egoeraren adierazle nagusia dira”.
Hori horrela, sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote “lege propioak garatzeko”. Horrez gainera, negoziazio kolekiboa aktibatzea “ezinbestekoa” dela uste dute: “Onartezina da administrazio publikoetan ematen den inposizio jarrera orokortua. Era berean, bide judizialak izan dezakeen emaitza ez da batere garbia”.
Egoera horretan, sektore publikoan dagoen “gatazka giroa” baretzea bilatzen dute sindikatuek, baina horretarako akordioak behar dituzte: “Lege propioek tresna egokiak eskaini behar dituzte, eta negoziazio kolektiboaren bidez mekanismo ezberdinak adostu behar ditugu. Administrazio publikoetan zerbitzua kalitatez aurrera ateratzeko beharrezkoak diren lanpostuak sortu eta prekarietateagaz amaitzea da gure helburua”.
Eskaerak. Kontsolidazio Lege “propio” bat eskatu dute, “behin behineko kontratazioaren abusua sufritzen duten langile guztien egoera egonkortzeko”. Halaber, lanpostuen zerrendetan “agertzen ez diren” lanpostuak egiturazkoak izatea aldarrikatu dute.
Pribatizazioagaz amaitzeko eta lan publikoak sortzeko plan bat egin beharko zela uste dute gainera. “Galdutako eskubide guztiak berreskuratu eta bereziki langile guztientzat erretiroa errazteko neurriak behar dira”, gaineratu dute.