Denboraldiko lehenengo garaipena
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika RTk Unica RTren kontra lortu du denboraldiko lehen garaipena.
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak 26-42 irabazi zion La Unica RTri, atzo [martxoak 28], Iruñean.
Hamarna jokalarigaz zelairatu ziren, izan ere, talde gernikarrean min hartutako asko dituzte eta hamar jokalari zeuden jokatzeko moduan. Iruñearrak, ostera, hamazortzi jokalari izan ziren, eta beraz, aldaketak egiteko aukera eduki zuten.
Basurdeek markagailuan aurretik hasi zuten partidua (0-10), gero, bigarren zatian etxeko taldeak hartu zuen abantaila (17-15), baina, hirugarren zatiko Goiren entseguei esker (berak egin zituen taldeko denak), denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Gernikak. Azken bost minutuetan jokalari bat gutxiagogaz jokatu zuen, taldekide batek kolpea hartu zutelako. Partidu “gogorra” izan zela azaldu du Maite Bilbao Gernika RTren jokalariak, eta “sentsazio onekin” amaitu zutela: “Lehenengo zatian gure lekua topatzen egon ginen, hamar ginelako eta jokatzera ohituta ez gauden posizioetan jokatu behar izan genuen. Baina badakigu ohitu egin behar garela, eta ahal doguna egiten dugu”.
Denboraldi honetan taldean hasi direnentzat, aukera ona izan zen atzokoa. “Gauza asko ikusi ziren. Talde bat moduan jokatu genuen, eta aspaldian ez dugu sentsazio hori eduki. Oso pozik amaitu genuen, gustura. Gauzak irteten direnaren sentsazioa eduki genuen. Berriek beste partiduetan baino parte hartze handiagoa eduki zuten. Partidu oso gogorra izan zen. Eguerdian jokatu genuen, bero itzelagaz, eta ez geneukan aldaketarik”.
Hurrengoa etxean. Asteburu honetan ez dute partidurik jokatuko, eta hurrengoan Durango hartuko du Urbietan, apirilaren 11n (domeka).
“Bi asterik behin jokatzen dugu, eta bi jardunaldi falta zaizkigu. Gero Ordiziaren kontra atzeratu zena jokatu ahal izatea espero dugu”.