Basurdeek partidurik galdu barik segitzen dute
Ohorezko B Mailaren 15. jardunaldian, Gernikak 52-19 irabazi dio Ourense RCri. Apirilaren 11n jokatuko dute bigarren itzuliko azken neurketa, Bera Bera RTren kontra, Urbietan.
Denboraldi honetan Ohorezko B Mailan menderaezin ari da Gernika Rugby Taldea. Lehen faseko partidu guztiak irabazi zituen, eta bigarren fasean lehiatutako bostak ere irabazi ditu. 15. jardunaldia, bigarren faseko bosgarrena lehitu zuten atzo [martxoak 28] eta talde gernikarrak 52-19 irabazi zion Ourense RCri.
Markagailuak adierazi legez, nagusi izan ziren basurdeak. Erasoan, mele eta touch-ean gogor, eraginkor aritu ziren. Hala ere, nahi baino golpe gehiago eskaini zituzten, eta horiek ahalbideratu zuten galiziarrek une jakin batzuetan aurrerapausoak ematea.
Denboraldiko lehe itzulian ere Urbietan ikusi zuten elkar. Orduan, talde galiziarrak gogor lan egitera behartu zituen. Astean zehar neurketari begira egindako lanketa ikusi zen atzo zelaian. Basurdeak islatu nahi zuten sistema argi, ondo ikasita zelairatu ziren, eta egindako lan horretan oinarrituta, erosoko jokoan aurrerapausoa ematea lortu zuten.
Neurketa hasi eta lehen ordu laurdena bete orduko, Gernika Rugby Taldeak markagailuan aurrea hartu zuen Albertus De Bod eta Estanislao Renthelen bi entsegugaz. Hirugarrena ere berehala ailegatu zen, Xabier Albizuaren eskutik. Ourensek azkar erantzun zuen. Hamar minutu baino gutxiagoan, bi entsegugaz markagailuan hurreratu ziren galiziarrak; Jerry Surumi Davoibaravi izan zen bien egilea (19-12).
Lehenengo zatia amaitu aurretik, etxeko taldeak errenta handitu zuen bi entsegugaz. Biak Fagu Malloyk lortu zituen.
33-14ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, Ourenseko Falemaka Tatafuk euren hirugarren eta azken entsegua egin zuen (33-9). Basurdeei dagokionez, bigarren zatian zehar, erasoan izandako nagusitasuna baliatuz, beste hiru entsegu eta erasoko puntu gehigarria ziurtatzea lortu zuten. Bigarren zatiuko etxekoen lehenengo entsegua Siyabonga Masukuk egin eta transformatu zuen. Beste biak, neurketaren azken hamar minutuetan egin zituen Jokin Eskolarrek.
Multzo buru. Bigarren faseko azken aurreko jardunaldia izan zen atzokoa, eta azkenengoa apirilaren 11n lehiatuko dute. Gernika Rugby Taldeak Bera Bera RT hartuko du Urbietan.
41 puntu ditu Gernika multzo buruak, eta hamar gutxiago Hernanik. Multzoko beste lau taldeekiko alde nabarmena daukate. 19 puntu ditu Pasek Belenosek, 17 puntu Gaztedik, 11 puntu Bera Berak eta 6 puntu Ourensek.