2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dute 22. Korrika
Euskaltegien sareari babesa erakusteko milaka lagun elkartu ziren atzo Euskal Herriko hainbat plazetan, tartean Gernika-Lumoko Merkurion. Ekitaldia aprobetxatuta, antolatzaileek 22. Korrika noiz izango den iragarri zuten.
Pandemiarik egongo ez balitz, atzo amaitu beharko litzateke 22. Korrika. Jakina zen ez zela euskararen aldeko lasterketarik egingo aurten, baina, horren ordez, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika prestatu zuen AEK-k. Hori horrela, euskaltegien sareari babesa erakusteko milaka lagun elkartu ziren atzo Euskal Herriko hainbat plazetan, tartean Gernika-Lumoko Merkurion. Ekitaldia aprobetxatuta, antolatzaileek iragarri zuten 22. Korrika martxoaren 31tik apirilaren 10era izango dela: “Inoiz baino beharrezkoagoa izango da datorren urteko Korrika, eta zuon bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula zuengandik”.
Atzo ekitaldi xumeak egin zuten 12:00etan. AEKren mezua irakurtzeaz gain, bi abesti entzun ziren: Euskal Herrian euskaraz kantua, batetik, eta Lekukoa mingainean bertso-rapa kantatu zuten. Horrez gainera, 22. Korrika iragartzeko irudia margoztu zuten.
Euskararen lekukoa kalera atera zuten, eta pandemia garaian ere euskaltegietan lanean jarraitu dutela nabarmendu eta irakasle eta ikasleen lana txalotu dute. “Biba zuek! Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskara komunikatzeko bidea egiten, bai horixe!”.
Euskaltegien beharra. Euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute eta ondorio emankorrak sortu dituztela diote: “Poztasunez esan behar dugu ondorio emankorrak sortu dituztela; hala, euskarak hitzun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan, eta, horien artean, hainbat eta hainbat euskaltegietatik atera dira”.
Bide horri eusteko, baina, euskaltegi “sendoak” behar dira, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza guztiak betetzen dituztenak. Horretarako, babesa eskatu dute, agintari politikoak ere mugiarazteko: “Ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari”.
Hala ere, euskarak herriaren beharra du. Euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko denon ekarpenak “beharrezkoak” direla uste dute AEK-koek: “Egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz… euskararen alde egin behar dugu”.