Gazte bat atxilotu dute Gernikan, fruta denda batean lapurtzea leporatuta
19 urteko gaztea da atxilotutakoa, eta segurtasun sailak jakinarazi duenez, arma zuri batekin mehatxatuz lapurtzea leporatu diote.
Ertzainek 19 urteko gazte bat atxilotu zuten eguazten goizean Gernika-Lumon, fruta denda batean arma zuri batekin mehatxatuz lapurtzegatik.
Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailak jakinarazi duenez, otsailaren 18an gertatu zen lapurreta. Udalerriko fruta denda baten lokalean sartu zen 19 urteko gaztea eta “labana handi batekin” mehatxatu zuen jabea, dirua lapurtzeko. “Kirol-jertsearen txapela eta maskara jantzita zituen gazte batek lokalean sartu eta labana batekin mehatxatu zuen jabea. Jarraian, kutxa erregistratzaileko dirua poltsa batean sartzeko agindu zion, eta sartu zionean ihes egin zuen”, azaldu du segurtasun sailak.
Herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak bertaratu ziren, eta gertatutakoari buruzko informazioa batu eta gero, lapurraren bila hasi ziren. “Pertsona batek 25 bat zentimetroko orria zuen labana aurkitu zuen establezimendutik hurbil dagoen zakarrontzian, eta poliziei eman zien”, azaldu dute. Gerora zehaztu dutenez, lapurreta egiteko erabilitako arma izan zitekeela ondorioztatu dute, “biktimarekin hori egiaztatuz”.
Ertzaintzak gertakariak argitzeko egindako ikerketaren ondorioz, eguaztenean, atxilotu zuten ustezko lapurra, eta, dagozkion polizia eginbideak amaitu ondoren, epaitegira eraman zuten.