Urbietako kirolgunea zabaldu dute
Padel pista biak apirilaren 1etik aurrera egongo dira erabilgarri, eta horretarako aurretiko hitzordua hartu beharko da.
Gernika-Lumoko Udalak Urbietako kirolgunea zabaldu du, 09:00etatik 21:00etara. Padel pistak, baina, apirilaren 1ean irekiko dituzte.
1.702 metro koadroako azalera daukan kirol eremuan hainbat hobekuntza lan egin ditu udalak, eta horiek amaituta hartu du Urbieta zabaltzeko erabakia. Besteren artean, Hego Zelaiko zorua berdindu eta belarra ordezkatu dute, padelean jokatzeko pistak eraiki dituzte eta frontoien estalkia eraberritu dute.
Hori horrela, kirolgunean jokatu gura duten erabiltzaileek online egin beharko dute erreserba, Gernika-Lumoko Udalaren webgunean dagoen ‘Santanapeko kiroldegiko aurretiko hitzordua‘ atalean. Zehaztu dutenez, hiru frontoiak erabiltzeko ez da ezinbestekoa erreserba egitea, baina lehentasuna emango zaie erreserba egiten dutenei.
Jon Lejarraga Kirol Patronatuko ordezkariak arduraz jokatzeko eskatu die kirol eremua erabiliko duten kirolari eta erabiltzaile guztiei: “Errespetuz jokatu behar da, ezarritako arauak errespetatuz eta jarduerak gauzatzeko bete behar diren segurtasun eta norberaren babeserako neurri guztiak beteta”.