Etxeko langileen testigantzak proiektatuko dituzte etzi, Astran
Itaiak etxeko langileen testigantzekin osatutako proiekzioa erakutsiko du Gernikan eta Bermeon. Lan asistentzialei buruzko jardunaldien parte da proiekzioa.
Asistentzia lanei buruzko dinamika bat abiatu zuen Busturialdeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak otsailaren amaieran, eta gaiari buruzko lanketa egin dute martxoan garatu dituzten Lan-asistentzialak eta emakume langileon zapalkuntza jardunaldietan.
Azken asteetan, etxeko langileen errealitatea ikertzen eta gaian sakontzen aritu dira. Busturialdean etxeko lanak egiten dituzten langileekin batu eta euren adierazpenekin proiekzioa gauzatu dute horrela. Proiekzio hori Gernika-Lumon eta Bermeon erakutsiko dute; zapatuan, 12:00etan, Gernika-Lumoko Astran jarri dute hitzordua, eta apirilaren 2an, 18:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan.
Martxoaren 30a da Etxeko langileen nazioarteko eguna. Hori horrela, etxean zein soldatapean emakume langileek egiten dituzten asistentzia lanetan sakondu dute Itaiako kideek. Etxeko zaintza lanetan jarduten duten emakume desberdinen testigantzak bildu gura izan dituzte, eta martxoan zehar emakume desberdinen esperientzia jaso dute. Besteren artean, euren lanari eta esperientziari buruz, edota konfinamenduaren ondorioez berba egin dute.
“Ikusten dugu, zaintza lan konkretu batzuk egiten dituzten emakumeen lan baldintzak bereziki gogorrak direla; nagusiak zaintzen dituztenena esaterako”, azaldu dute Itaiakoek.
Lan baldintzak. Lan kontratua duten etxeko langileen lan baldintzak “bereziki gogorrak” direla diote, “lan kontratua izan arren, erregimen orokorretik kanpo” daudelako: “Ez dute langabezirako eskubiderik. Eta euren lan jarduna araututa egon arren, etxeko lanak egiten dituztenez, ikuskaritza ez da etxez etxe joaten egoera aztertzera. Emakume horiek sufritzen duten esplotazioa eta erasoak ikusarazi gura ditugu”. Halaber, paperik gabeko andren kasuak ere aztertuko dituzte: “Lanean txarto egon arren, ez daukate inora kexatzera joateko eskubiderik”.
Hala, emakume langile horien egoera gizartean zabaldu gura dute, eskualdean lanean dabiltzan emakume horietako batzuen esperientzian oinarrituta.
Proiekzioaren amaieran, herritarrei euren iritzia emateko gonbidapena luzatu diete Itaiakoek: “Hurbiltzen direnari gonbidapena egiten diegu euren ekarpenak egiteko, eta ikusten dituzten arazoak gurekin partekatzeko”.
Aurreko jardunaldiak. Zapatuko saioagaz amaiera emango diete Lan-asistentzialak eta emakume langileon zapalkuntza jardunaldiei. Horietan, etxeko langileen egoera aztertzeaz gain, bestelako zaintza lanei buruzko jardunaldiak ere egin dituzte. “Lehenengo zaintza sistema desberdinak landu genituen: residentziak, eguneko zentroak… Eta zerbitzu desberdin horiek krisi garaian zelako aldaketak jasango dituzten ikusi genuen. Izan ere, zerbitzu horiek zergetatik ordaintzen dira. Krisi garaietan, herritarrek diru gutxiago dute, eta gutxiago gastatzen dute, ondorioz, zerga gutxiago batuko da. Hori horrela, dagoenerako txarto dauden zerbitzu horiek zelan mantenduko diren aztertu genuen, gero eta diru gutxiago egongo baita”, azaldu dute. Zentro horien errealitatea azaleratu eta galdera bat luzatu zuten orduan: “Zer egingo dugu horren aurrean?”.
Lan horiek gizakiontzako “oinarri-oinarrizkoak” direla argi utzi dute, eta hausnarketa bat bultzatu gura izan dute jardunaldietan. Hortik abiatuta, zaintza lanetan jarduten duten emakumeen adibide desberdinak landu eta plazaratu dituzte, proiekzioa gauzatu arte.