Neguko Barneteguna egingo dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumon martxoaren 27an egingo dute Barneteguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute, bertso saio bategaz amaitzeko. Maider Altuna, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio ariko dira Astran.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ez du ohiko neguko Bartenegirik antolatu, baina Barneteguna prestatu dute, “elkartzen, saretzen eta elkar ezagutzen” jarraitzeko asmoz. Gernika-Lumon, martxoaren 27an izango da Derrigorrezko Bigarrez Hezkuntzako ikasleei zuzendutako eguna.
09:30ean Astra kulturarako fabrika sozialean elkartuko dira, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako: mendi buelta, altxorraren bila, eta kantaldia egongo dira denon gozagarri. Eguna biribiltzeko, gainera, bertso saioa antolatu dute hurrengo betsolariekin: Maider Altuna, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lana Barnetegunean parte hartuko duten gazteek egingo dute. Saioaren ostean, 19:45ean, amaituko da egitaraua.
Segurtasuna eta eroan beharrekoa. Barnetegunean parte-hartzaile eta antolatzaile guztien osasuna bermatzeko segurtasun neurriak hartuko dituzte. Musukoa derrigorrezkoa izango da, gelak izango dituzte eskura, eta parte-hartzaileek taldetxoetan egin beharko dituzte jarduerak. Gainera, ia egun osoan kanpoan ibiliko direla adierazi dute.
Neurri horiek direla eta, partaide bakoitzak bere otorduak eraman beharko ditu: hamaiketakoa, bazkaria eta askaria. Osasun txartela ere eramateko eskatu dute. “Oinetako erosoak ekartzea gomendatzen dugu, mendi buelta egingo dugulako. Eta zelan ez, gogo handia eta umore ona ekarri”.