Haurreskolak partzuergoan ordezkaritza duten sindikatuek "benetako negoziazioa" eskatu dute beste behin
Hezkuntza Sailari "benetako negoziazioa" eskatzen jarraitu zuten atzo. Sindikatuetako ordezkariak gaur batuko dira enpresako gerenteagaz eta zuzendaritza batzordeko kideekin.
ELAk, LABek eta STEILASek deituta, Haurreskolak Partzuergoaren langileek lanuzteak eta elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herritan egin zituzten mobilizazioak, horien artean, Gernika-Lumon. Pasealekuan elkarretaratzean batu ziren Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako hezitzaileak.
Hezkuntza Sailari “benetako negoziazioa” eskatzen jarraitu zuten atzo partzuergoan ordezkaritza duten sindikatuek. Izan ere, ikasturte honetan, dagoenerako, zortzi greba egun burutu dituztela, eta behin bakarrik deitu dituztela Mahai Negoziatzailera salatu zuten. “Azkenean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuetako kideok enpresako gerentea eta zuzendaritza batzordeko kideak martxoaren 23rako deitu genituen Lakuan mahai negoziatzailera. Azken honetan erantzuna jaso ostean, gaur batuko gara”, azaldu dute, eta Lakuan 16:00etan hitzordua dutela zehaztu dute.
Sindikatuen eskaerak honako hauek dira:
- Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
- Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
- Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
- Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
- Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
- Aurrekontua handitzea