Unesco Etxeak gazteentzako bi prestakuntza beka emango ditu Urdaibai Biosfera Erreserban
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira bekak. Hautagaitzak apirilaren 6ra arte bidali daitezke.
Aurten ere, Unesco Etxeak Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzagaz, ordaindutako bi prestakuntza beka eskainiko ditu gazteek Urdaibaiko Biosfera Erreserban praktikak egin eta prestakuntza jasotzeko.
Beka horien bitartez, gazteei ahotsa eman gura zaie. Beren lurraldearen antolamenduan esku hartzeko aukera eman behar zaiela uste dute, bai eta prestakuntza jasotzekoa ere, Biosfera Erreserbak kudeatzen laguntzeko eta haien garapen iraunkorra sustatzeko.
Bekak zortzi hilabeteko prestakuntza praktikorako egonaldia eskainiko die gazteei (2021eko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra), eta lanaldi erdikoa izango da. Beka jasotzen duten bi gazteek Urdaibaiko Patronatutik egingo dute lan, Busturiko Ekoetxea Urdaibaitik, hain zuzen ere.
Beka jasotzen duten bi gazteek bekarekin lotutako jardueretan (solasaldiak, mahai inguruak…) parte hartu beharko dute, eta gainera, Urdaibai Biosfera Erreserbarako Zerbitzuan martxan dauden proiektuetan lagundu beharko dute. Amaitzerakoan, beka amaierako txostena egin beharko dutela azaldu dute Unesco Etxetik.
Bekadunak aukeratzerako orduan honakoak izango dituzte kontuan: 18 eta 30 urte bitartean izatea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz lotura izatea (bizilekua, lana, ikasketak, ikerketa…), Urdaibairentzat interesagarria den garapen iraunkorrarekin lotutako sektoreetan prestakuntza eta esperientzia izatea (ingurumena, turismoa, komunikazioa…), euskara eta ingeles maila altuak edukitzea, motibazioa eta komunikatzeko gaitasuna izatea. Lehentasuna izango dute langabezian daudenak.
Interesa daukatenek mezu bat bidali beharko dute n.viota@unescoetxea.org helbide elektronikora. Mezuak Urdaibai beka izenburua eroan beharko duela zehaztu dute, eta curriculuma, motibazio gutuna eta Urdaibai Biosfera Erreserbarekin lotura bat ziurtatzen duen dokumenturen bat aurkeztu beharko dituzte. Langabezian daudenak, gainera, hori ziurtatzen duen dokumentua ere aurkeztu beharko dute.
Hautagaitzak bidaltzeko azken eguna apirilaren 6a izango da.