Ikasleek hezkuntza sistemaren 'autoritarismoa' salatuko dute kalean
Mobilizazioak ditu dituzte martxoaren 25erako; Busturialdean Gernika-Lumon egingo dute manifestazioa. Pandemia garaian hezkuntza sistemaren arazo estrukturalak areagotu egin direla salatu gura dute ikasleek.
Ikasleek protesta egingo dute martxoaren 25ean, hezkuntza sisteman ematen ari den “autoritarismoa” salatzeko. IKAS sareak egin du deialdia Busturialdean, eta 12:30ean Gernika-Lumoko institututik aterako den manifestazioan parte hartzera deitu ditu ikasleak. Ikasleek beraien ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia edukitzea, subjektu politiko bezala onartuak izatea eta kontrol sozialerako erabiltzen dituzten baliabide guztiak bertan behera uzteko eskatuko dute.
IKAS Sareak salatu duenez, pandemia garaian hezkuntza sistemak aurretik zituen arazo estrukturalak areagotu dira, arazo sakonagoak bilakatuz. Hezkuntza kalitatearen beherakada nabarmena izan dela gaineratu du, eta ikasturte honetako ezinegona eta ezjakintasuna aipatu ditu: “COVID-19ak eragindako testuinguruan hezkuntza prozesuaren nolakotasunak ez dira argi geratu, eta hainbat neurri arbitrario hartu dituzte”.
Autoritarismoa hezkuntza kapitalistak berezkoa duen tresna dio IKASek, eta ikasleak “infantilizatzen” dituela salatu du. “Ume modura tratatzen gaituzte gure bizitzen gaineko kontrola bermatuz, eta gure ikasketa prozesuaren gainean daukagun erabakimen gaitasun eza da horren adibide”, azpimarratu dute. Gaur egungo hezkuntza “diziplinatzeko prozesu hutsala” dela dio IKAS Sareak, ebaluazio sistema edukiaren gainetik jarrita. “Kontrol soziala areagotu egin da, ikasle despolitizatu, diziplinatu eta otzanak bermatuz”.
Hain zuzen, pandemia garaian ikasleen askatasun politikoak urratu dituztela gaineratu du, ikastetxeetan lan politikoari oztopoak jarrita. Hori guzti hori dela eta, IKAS Sareak azpimarratu du ikasleen batasuna ezinbestekoa dela.