Eskuz Binakako Master Laboral Kutxaren finalerdian, Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Naroa Agirre zestoarra 22-8 nagusitu zaizkie Leire Garai gasteiztarrari eta Oihana Orbegozo azpeitiarrari.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirre zestoarrak Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarren kontra jokatuko dute Eskuz Binakako Master Laboral Kutxaren finala, apirilaren 4an, Irungo Urantzu pilotalekuan.
Esperientziak emandako eskarmentua batetik, eta gaztetasunak eta freskotasunak dakarren ilusioa eta indarra bestetik. Txapelketako bi bikoterik indartsuenen artean lehen mailako final handia izatea aurreikusten da. Bi jokamolde desberdin aurrez aurre. “Finala oso desberdina izango da; jokatzeko modu oso desberdina daukagu bi bikoteok. Gu leherkorragoak, erasokorragoak gara, eta eurek lasaitasunagaz tantoak eta defentsa gehiago lantzekoak dira”, azaldu du Arrizabalagak.
Bi aste dituzte finala prestatzeko eta orain arteko lanari eustea dute asmo. Partidu gogorra aurreikusten du, eta ikusleen gozatzeko modukoa izatea espero du: “Halako joko estiloagaz, guk orain arte moduan gurea erabiliko dugu, jarrera erasokorra eta tantoak amaitzeko gaitasun hori erakutsi behar ditugu, eta eurei mugitzea eragin. Eurek esperientzia gehiago daukate, zaharragoak dira, partidu asko jokatu dituzte. Guk gazteak izanda, bizitasun hori erabili beharko dugu partidua aurrera ateratzeko. Naroak eta nik Bizkaia Torneoa eta gero txapel hau elkarregaz irabazi gura dugu, eta merezi dugu”. Finaleko bikote gazteak seguru eta konfiantzagaz jokatu du txapelketa, eta nafarrei lana emango diete: “Partidu oso onak egiten gaude, entrenamenduetan ere oso fresko ikusten gara joko aldetik, inoiz baino joko hobeagoagaz eta motibazio horregaz. Ikusi dugu txapelketa honetan jokatutako partidu biak oso ondo jokatu ditugula, seriotasunez, eta bikote faboritoa baino gutxiago ez gara. Badakigu txapela lortzeko aukera asko dauzkagula. Motibazio horregaz eta dena ematera joango gara”.
Olatz Arrizabalaga: “Jarrera erasokorra eta tantoak amaitzeko gaitasun hori
erakutsi behar ditugu”
Zapatuko finalerdian Arrizabalagak eta Agirrek 22-8 irabazi zieten Leire Garai gasteiztarrari eta Oihana Orbegozo azpeitiarrari. Gernikar aurrelariaren berbetan, emaitzak ez du adierazten eurek bizitako partidua. Amaierako markagailuak “erakusten duena baino partidu gogorragoa” izan zela azpimarratu du. Partidu piloteatua izan zen. “Gakoa tantoak amaitzean egon zen; piloteo horrek amaitzen, tantoak amaitzen guk hobeto jakin genuen. Uste dut horregatik egon zela partiduan hainbesteko aldea”. Arrizabalagak eta Agirrek irakurketan asmatu zuten, eta partidua kontrolpean eduki zuten: “Gure asmoa zen atzean Oihanari piloteoan kargatzea, eta pelotak ondo aukeratzea amaitzeko. Hor hartu genuen abantaila. Gure sakeekin eta tantoak amaitzerako orduan asmatu genuen”.
22-12 amaitu zen Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Naroa Eleizalde-Olatz Ruiz de Larramendiren arteko finalerdia. Eleizaldek Irantzu Etxebeste ordezkatu zuen, konfinatu dagoelako.
Ezustekoa emanda, Ruiz de Larramendik aurrean jokatu zuen. Ez da erraza Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik osatutakoa bezalako bikote sendo bati aurre egitea. Bizi ibili zuen pilota Olatzek, baina oraindik mugimenduetan eta tantoa amaitzerako orduan asko du ikasteko, batez ere aurrean halako arerio zailak izanda. Asko arriskatu behar izan gabe lortu zuten garaipena; hasiera-hasieratik izan zuten markagailua oso aldeko eta alde hori ondo kudeatu ahal izan zuten. Azkenerako Agirrek sakearekin min handia egin zuen, denera zazpi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin.