Igoera lortzeko borrokaren atarian
Hirugarren Mailan azken jardunaldia lehiatuko dute asteburuan. Gernikak atsedena dauka, eta igoera kanporaketei begira daude taldekideak. Denboraldiaren errepasoa egin, eta aurretik duten erronkari buruz hitz egin dugu Oscar Vales entrenatzaileagaz.
Ligaren azken jardunaldia da asteburukoa Hirugarren Mailan. Gernikak atsedena dauka, eta gero, bi asteko etenaren ostean, apirilaren bigarren asteburuan hasita, 2.B Mailarako igoera kanporaketak jokatuko ditu.
Gaur gaurkoz, multzo buru da, 43 puntugaz. 40 ditu Real Sociedad C bigarrenak eta 36 puntu Sestao Riverrek. Hain zuzen, asteburu honetan bi talde horiek elkarren kontra jokatuko dute, Las LLanasen.
Denboraldi hasierako helburua lortu du Gernikak, mailaz igotzeko lehia horretan sartzea. Oscar Vales entrenatzaileak azpimarratu du denboraldi “itzela” izan dela, eta play off-etan ere bide horretatik jarraitzea espero du: “Balantzea oso ona da. Taldea denboraldi osoan zehar lehiakorra izan da; lehen fasea oso ona izan da. Talde erregularra garela erakutsi dugu. Futbolean ondo jokatu dugu”. Entrenatzaile batek bere taldearengandik espero duena egitea lortu dutela dio. “Gure ideietan sinistu du taldeak. Entrenatu eta gura genuen moduan jokatu dugu. Pozik eta asebeteta gaude, aparteko taldea delako; profesional eta pertsona apartak dira, eta futbolari guztien errendimendua bikaina izan da”.
Egindako lana emaitzetan ere ikusten da. Ligan 20 jardunaldi lehiatuta, hiru partidu galdu ditu; 13 garaipen eta lau berdinketa lortu ditu.
Oscar Vales: “Partidu horiei bermeekin aurre egiteko egoera eta dinamika onean gaude”
Ligaren hiru onenen artean sartzea lortu dutelako zoriondu ditu jokalariak:”Ez da erraza hori lortzea. Multzo zaila eduki dugu, kirol arloan zein ekonomikoki talde indartsuekin, eta taldeak lehen hiruren artean sartzea lortu du”.
Orain arteko jarrerari eustea giltzarria dela uste du: “Beti dago zer hobetu. Baina, orain arte moduan lehiatzen segitu behar dugu, eta partiduak gaur arteko ideia berekin prestatzen”. Badakite geratzen zaizkien sei partiduak “konplexuak” direla: “Baina aurkariek badakite gurekin ez dutela erraz edukiko. Partidu horiei bermeekin aurre egiteko egoera, dinamika eta momentu onean gaude”. Orain arte moduan, igoera kanporaketetan ere “Gernika lehiakorra” erakutsiko dutela argi dauka, bere bertuteak aterata: “Giltzarria orain arte egiten ari garenari eustea da. Talde langilea, umila eta bere ideiei eusten diona da. Aurkariak errespetu osoz hartuko ditugu. Partiduz partidu joanda, entrenamenduetan aurkari bakoitzaren indargune eta ahulguneak landuko ditugu. Bi aste hauetan ondo lan egitea izango da gure zeregina, play off-etara taldea baldintza egokietan ailegatzeko”.