«Helburua kontzientzia hartu eta ahal den neurrian gauzak egiten joatea da»
Ondorengoei mundu hobe bat uzteko euren ekarpena egiten ari dira Rosa Morales eta Iñaki Plaza. Plastikoari uko egin diote, eta aukera ekologikoagoekin ordezkatu. Egunero sortzen dugun zabor kopuru handiaren jakitun, duela zazpi bat urte zero zabor filosofiari jarraitzea erabaki zuten, eta bide horretan, apurka-apurka, erronka berriei aurre egiten joan dira.
Zerk eraginda hasi zineten zero zabor mugimenduagaz?
Konturatu ginen batez ere etxebizitzetan plastiko asko sortzen zela, eta ikusi genuen, ahalegin txiki bat eginda, bazeudela guk egin genitzakeen hainbat gauza horrenbeste zabor ez sortzeko.
Zeintzuk izango lirateke eman beharreko lehen urratsak?
Lehenengo adarra elikadura izango litzateke. Errazena oihalezko poltsa pila bat edukitzea da, plastikoa saihesteko, eta erostera joaten zaren bakoitzean horiek erabili. Guk dena soltean erosten dugu. Fruta eta barazkiak soltean erostea erraza da; esate baterako, baserritarren produktuak erostera joaten denak badauka horretarako aukera. Horrez gain, dilistak, babarrunak… ere modu horretan erostea erabaki genuen. Merkatu handietan hori dena batuta dator, baina mugitzen hasi ginen, eta badaude lekaleak solte saltzen dituzten dendak ere. Barakaldon dago bat, Bilbon beste bat. Hainbat produktu dituzte. Pasta ere soltean erosten dugu, azukrea, gatza… Bide batez elikadura osasungarriago bihurtzen joaten da prozesatu guztiak kentzen dituzu, plastikoan datoz denak eta.
Eta zer gertatzen da jogurt, esne edo tetrabrikean datozen gauzekin?
Horiek lortzea ere posible da. Gu beganoak gara, eta esnea guk egiten dugu fruitu lehorrekin, baina esnea nahi duenarentzat badaude, lehen egiten zen modura, kantina edo kristalezko potoa betetzeko aukera ematen dizuten lekuak. Horrek gehiago mugitzea eskatzen du, norbere partetik jarri behar da, baina behin hasiz gero, geroz eta txikiagoa da ahalegina. Kontzientzia da hartu behar dena. Kristalezko ontzietan dauden janariak erostea ere aukera bat da.
Lea-Artibain badago horrela saltzen duen dendarik?
Zoritxarrez, hemen oraindik ez dago horrelakorik, hori dela eta derrigortuta zaude hemendik kanpo erostera. Gu hilean behin erosketa handi bat egitera joaten gara.
Etxeko garbiketa egiteko produktuei dagokienez, zelan moldatzen zarete?
Barakaldon badago denda bat. Zure ontzia eraman eta bertan betetzen duzu. Guk bidoi bat daukagu, eta hiru hilabeterako-edo erosten dugu. Garbigailuko xaboia ere soltean saltzen dute. Leungarri modura, ostera, ozpina erabiltzen dugu, eta komuna garbitzeko ere bai. Xaboia, limoia eta ura pote batean nahastu eta karea kentzeko produkturik onena da. Dena garbitzen dut ozpinagaz, bikarbonatoagaz eta limoiagaz. Gero, ontziak garbitzeko gela daukagu, eta kitto. Gizarte kontsumistak gauza bakoitza garbitzeko produktu bat behar dela esan digu, baina kon-
turatzen zara ez dela beharrezkoa. Kristalak garbitzeko ere ozpina, ura eta egunkari orriak besterik ez dira behar.
Higiene pertsonalerako produktu asko ere plastikozkoak dira edo plastikozko ontzietan datoz. Zer egin daiteke hori gutxitzeko?
Gorputzaren garbiketarako badaude xanpu solidoak, eta denbora eta gogoa badaukazu, olioa berrerabili daiteke xaboia egiteko. Nik xaboi hori egiten dut, eta gel moduan erabiltzen dugu. Haginak garbitzeko pasta ere egiten dugu koko olioa eta bikarbonatoa nahasita. Banbuzko hortzetako eskuilak ditugu plastikozkoak barik, eta kremak ere egiten ditut aloe vera eta koko olioagaz. Eguzkitarako krema ere aurkitu dugu pastillan baita eguzkiaren ondorenerako krema ere. Denetarik dago, xanpua, gela, desodorantea…
Zero zabor sortzea posible da?
Agian, zero zabor sortzea ez da helburu nagusia. Helburua kontzientzia hartzea da, eta bakoitzak ahal duen neurrian gauzak egiten joatea dagoen plastikoen erabilera izugarria jaisten joateko.
Zero zabor mugimenduaren gakoa, beraz, ahal denik eta hondakin gutxien sortzea da.
Hondakinik hoberena da sortzen ez dena. Harrituta geratu ginen pandemia garaian komuneko paperaren erabileragaz. Guk ez dugu komuneko paperik erabiltzen; orokorrean ahalegintzen gara papera ere ahalik eta gutxien erabiltzen. Berrerabiltzen ere hasi gara; panel zahar bat daukagu eta puf bat egin nahi dugu horregaz, esate baterako. Arropari dagokionez, hobe da gutxi eta ona erostea, asko eta armairuak beteegi edukitzea baino. Bigarren eskukoak erosteko aukera ere badago. Lehen ez genuen ikusten planeta mugatua zenik, eta orain konturatzen gara ezin dezakegula erritmo horretan segi. AEBetan gaur egun daramaten erritmoari eusteko bost planeta behar dituzte, baina guk ere, Euskal Herrian, maiatzerako agortuko ditugu urtean tokatzen zaizkigun errekurtsoak. Maiatzetik aurrera beste batzuei errekurtsoak kentzen hasiko gara. Benetan behar ditugu 20 zapatila edo 30 praka?
Nondik joan zarete informazioa eta ideiak lortzen?
Internet bidez eta liburuetatik. Gero eta aukera gehiago daude. Garagardoa soltean erosi daiteke herrialde batzuetan, esaterako, Herrialde Katalanetan. Zentzugabekeria bat da oso denbora gutxirako, supermerkatutik etxera eramateko plastikozko poltsak erabiltzea.
Nondik hasi beharko litzateke guzti hori hobetzen?
Nire aholkua proba egitea da. Duintasunez egindako arropak erostea, eta kalitatezkoak badira asko izatea baino hobeago. Arropekin egin modura beste denarekin egin daiteke; zapatak apurtzen direnean konpondu, bi urtero mugikor berria erosi barik, piezak aldatu… Gu ez gara ezeren erreferente, lehen jende askok ondo egiten zituen gauzak berregiten hasi gara. Konturatu gara gizarte kontsumista dela gure seme-alabentzako etorkizun beltz bat ekarriko duen gaixotasun handi bat, eta poliki-poliki buelta eman behar diogu. Denok ahal dugu neurri baten edo bestean hobetu, eta legeak ere lagundu behar du. Herrialde askotan ofizioak berreskuratzen ari dira, eta hemen ere badaude ekonomia zirkularra oinarri duten proiektuak. Erakunde, enpresa eta norbanakoak, guztiok jarri behar gara bide horretan.