Gaviotako langilearen heriotza salatu dute Bermeon
Gehiengo sindikalak deituta, astelehenean elkarretaratzea egingo dute Bermeon; 12:00etan batuko dira, portuan.
Asteon lekeitiar bat hil da Enagas enpresak kudeatzen duen Gaviota plataforma hornitzen duen itsasontzi batetik itsasora jausita. Azken lan istripu horretako heriotza salatu zuten atzo Bermeon. San Migeleko eskaileratan batu ziren Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean.
Astelehenean berriro batuko dira. Oraingoan, gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egingo dute; 12:00etan jarri dute ordua, portuan.
LAB sindikatuak salatu du “itsasoan lan egitearen gordintasunak, segurtasun faltak eta enpresek segurtasunean egiten dituzten inbertsio murritzek, bizitza galtzeraino eramaten dituela itsasotik bizi diren langileak”. Diotenez, Enagas moduko enpresek badute ahalmena “euren irabazien zati bat segurtasunean inbertitu eta Gaviota plataformatik langileak segurtasunez porturatzeko”.