85 urtetik gorako emakumeen ia %50 inor barik bizi da eskualdean
Gernika Gogoratuzeko ikertzaile taldeak Busturialdeko genero arrakala ikertu du. Rosa De la Asuncionek burutu du ikerketa ‘Gatazkan dauden Lurraldeak’ proiektuaren baitan. 2007az geroztik, emakumezkoen langabezia-tasa "beti" izan da handiagoa. Eta Eustaten arabera, andreek bere gain hartzen dute etxeko lanen %67,2.
Genero ikuspegitik abiatuta, Gernika Gogoratuzeko ikertzaile taldeak Busturialdeko bizilagunak zelan bizi diren aztertu gura izan du. Horregatik, gaur egun, emakumezko eta gizonezkoen arteko lan, enplegu edota aberastasunaren arrakalak zeintzuk diren ikertu dute. Eta ondorioztatu dute Busturialdean 85 urte baino gehiago dituzten emakumeen ia erdia bakarrik bizi dela.
“Milaka dira komunikabideen bitartez egunero jasotzen ditugun datuak, baina horiek inguru hurbilean kokatzea ezinbestekoa da, hurbileko errealitatea zein den jakiteko. Izan ere, errealitate hori ez dugu asko ezagutzen”, azaldu du ikerketa burutu duen eta Gernika Gogoratuzeko ikertzaile taldeko kidea den Rosa de la Asuncionek. Gatazka egoeran dauden lurraldeak proiektuaren barruan kokatutako ikerketa da.
Soziologoa da Rosa de la Asuncion, eta horrelako ikerketak egitea gustuko du. Ez da, beraz, egiten duen lehenengo ikerketa, soziologoa izanik, bere egunerokoan egiten duen lana da. “Ez da berria niretzat, esperientzia nahikoa dut honetan. Genero arrakala aztertzeaz gain, udaletako berdintasun planak diseinatzen ere parte hartu dut”. Hori horrela, Busturialdeko 20 herriei buruzko datuak jaso ditu, azken 20 urteetako eraldaketa aztertuz.
Iazko urtarrilean hasi zen datu bilketagaz, eta COVID-19ak eskualdean izan duen eragina ere aztertu du. Horretarako, hainbat izan dira kontsultatu dituen iturri ofizialak: Eustat, Lanbide, Osakidetza, Bizkaiko Foru Aldundia… Horiek, gainera, Emakundeko eta beste elkarteetako datuekin alderatu ditu. “Jasotako datu guztiak iturri ofizialetatik hartutakoak dira. Nik ez dut inkestarik egin, baina tokian tokira mugatu naiz. Eskualdera mugatu eta hemen zer gertatzen den aztertu dut. Izan ere, zer dakigu gure inguruko errealitateaz?”, galdegin du ikerlariak.
Datu bilketaren arabera, Busturialdean bizi diren herritarren gehiengoa emakumezkoak dira. 23.446 emakumeak dira eta 900 gutxiago gizonezkoak (22.546). Emakume gehienak herri handietan bizi dira, Bermeon, Gernika-Lumon edota Mundakan. Herri txikietan, berriz, gehiago dira gizonezkoak; Ean, Ereñon eta Errigoitin, esaterako.
2007az geroztik, emakumezkoen langabezia tasa «beti» izan da handiagoa
Adinean aurrera egin ahala, emakumezkoak dira gizonezkoak baino gehiago. 85 urtetik gorakoen artean, emakumeen kopurua gizonezkoena baino bi aldiz handiagoa da; 1.347 eta 611 hurrenez hurren. 100 urtetik gorakoen artean, 13 dira emakumezkoak eta 4 gizonezkoak.
Errealitate horrek, kasu askotan, pertsona nagusiak bakarrik bizitzea dakar. Hain zuzen, ikerketan ondorioztatu dute 85 urtetik gorakoen heren bat bakarrik bizi dela, eta, horien artean, hamarretik zortzi emakumezkoak direla Bizkaian. Datu horiek eskualdera egokitu dituzte, eta 85 urtetik gorako 500 emakume inguru bizi dira bakarrik; eskualdeko 85 urtetik gorako emakumeen ia erdia. Bakarrik bizi diren gehienak, %80 gutxi gorabehera, Bermeon eta Gernika-Lumon bizi dira.
Aztertutakoaren arabera, gainera, emakumeak dira zainketa lan “gehienak” egiten dituztenak: “Hala da, baina emakumezkoak izango dira, baita ere, urte gehiagoz zainduak izan beharko direnak, bizi luzeagoa dutelako eta mendekotasunean urte gehiagoz bizi direlako”. Izan ere, eskualdeko emakumezkoen bizi esperantza 86 urtera artekoa da, eta gizonezkoena 80koa.
Ikerketaren bitartez ondorioztatu dute, 2020. urtean Busturialdeko 67 urtetik gorako 171 pertsonak kobratu zutela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eta hamarretik zazpi emakumeak izan direla nabarmendu du De la Asuncionek. “Diru laguntza horrek pentsio txikiak konpentsatzeko balio die”.
Jaiotza tasa eskualdean. Bestalde, ikerketak jaso duenez, azken urteetan jaiotza-tasa ere jaitsi egin da. De la Asuncionek batutako datuen arabera, 2000. urtean 316 emakume izan ziren ama, eta kopuru horrek goranzko joera hartu zuen. Datuek diotenez, 2008ko krisi ekonomikoak ez zuen eraginik izan jaiotza-tasan, eta 2011an gehiengo kopurura iritsi zen: 452 haur jaio ziren. “Urte horretan beheranzko joera hartu eta, 2019an ,283 izan ziren jaiotako haurrak”.
Gaur gaurkoz, gainera, gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute ezkondu gabe ama izatea: “2.000.urtean %10 ziren, eta 2020.urtean, %42. Hala ere, gehienek bikotekidea dute”.
Halaber, migrazioa ere aztertu dute ikerketan. Busturialdean bizi diren emakumeen ia hamarretik bat kanpotik etorritakoa da, eta ehuneko hori handiagoa da Gernika-Lumon. “Udalerri horretan eta Bermeon gehienak Errumaniatik etorritakoak dira. Emakume gehienak gazteak edota adin ertainekoak dira, eta ez dago ia adin nagusikorik”, azaldu du.
Kanpotik etorritakoen kasuan, %55 dira emakumeak. Gehienak udalerri handietan bizi dira; 1.000 Gernika-Lumon eta 850, berriz, Bermeon.
Lana eta enplegua. Lanari eta enpleguari buruzko datuak ere aztertu ditu, eta bi termino horiek bereiztu egin behar direla dio. “Lana ordaindu gabe egiten dena ere bada: etxeko lana edota zaintza lana adibidez. Enplegua, berriz, ordaintzen dena da”.
Ikerketak zehazten duenez, 2018an emakumezkoen okupazio-tasa Busturialdean %45,4koa zen, eta gizonezkoen kasuan, %51,1ekoa. “5,6 puntuko aldea zegoen, eta hori Bizkaiko datua baino txikiagoa zela, Bizkaian 8,7 puntukoa baitzen desberdintasuna”, azaldu du soziologoak. Hala ere, emakumezkoen okupazio tasak goranzko joera dauka. 2.000tik 2019ra bitartean, emakumeen okupazio-tasak gora egin du “apurka”, 10 puntura iritsi arte. Gizonezkoena, berriz, 7 puntura jaitsi da.
2018ra arteko Gizarte Segurantzako afiliazio taulari erreparatuz gero, tokiko enpresetan emakumezko gutxiago dago gizonezkoak baino. Herriko industria aztertuz ere egin du banaketa De la Asuncionek. Ajangizen eta Muruetan gizonezko gehiago dagoela aztertu du, herri horietan baitaude Maier eta Astilleroak. Busturian eta Foruan, aldiz, emakumezkoen afiliazio tasa gizonezkoena baino handiagoa da: “Herri horietan nagusien egoitzak daude”. Gernikan eta Bermeon, baina, askotariko enpresak daudenez, afiliazioa orekatua da.
Erregistratutako langabeziak azken urteetako joera mantentzen du. Izan ere, 2007az geroztik Busturialdean erregistratutako langabezia “beti izan da handiagoa” emakumeena (%12,4) gizonezkoena (%10,4) baino. “2009an 50 gizon gehiago besterik ez zeuden langabezian, baina hori eraikuntza sektoreak bizitako beherakadaren ondorioa da”. Iazko datuei dagokienez, urtarrilean 1.248 emakume zeuden langabezian, eta 1.069 gizon. Abenduan, berriz, 1.305 ziren emakumeak eta 1.148 gizonezkoak.
Pandemiak eraginda, ERTEei dagozkien datuak ere bildu ditu ikerlariak. Datuek erakusten dutenez, pandemiaren hasieran, martxoan, 929 emakumek eta 979 gizonek hartu zuten estaldura hori eskualdean. Pandemiak, gainera, aldi baterako kontratuak bultzatu dituela dio De la Asuncionek: “2020an sinatutako ia 20.000 kontratuetatik, ia%90 aldi baterako kontratuak ziren, eta kasu honetan, emakume zein gizonezkoak egoera berean daude, baina emakumeek lanaldi partzialeko askoz kontratu gehiago sinatu dituzte; ia gizonen bikoitza”.
2017ra arteko soldata arrakalari erreparatuta, emakume eta gizonezkoen artean, urteko 5.000 euroko desberdintasuna dagoela adierazi du soziologoak, egungo datuak oraindik kaleratu gabe dauden arren.
Eustaten arabera, andrek bere gain hartzen dute etxeko lanen %67,2
Etxeko lana. Enplegua aztertuta, etxeko lanetan ematen den desberdintasuna ere nabarmendu du ikerlariak. Adierazi du Busturialdeko daturik ez dagoela, baina Bizkaiko datuak plazaratu gura izan ditu. “Etxeko lan hori ordainduko balitz, emakumeek egiten duten lanak 7.539.972 mila euroko balioa izango luke urtean, eta gizonezkoek egiten dutenak, berriz, 3.649.440 mila eurokoa. Kopuru horiek Barne Produktu Gordinaren %27,7 dira, eta emakumeek gizonen bikoitza ematen dute”.
Eustatek 2021eko Emakumeen Nazioarteko Egunerako egindako azterlan baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeek bere gain hartzen dute etxeko zaintzen eta lanen %67,2. Eta emakumeen %18,1 ez dago “batere pozik” euren bikoteak etxeko lanak egiteko eskaintzen duen lankidetzagaz; gizonezkoen kasuan, ehuneko hori %4,3koa dela diote.