Harro egoteko moduko agurra
Eurokoparen final zortzirenetan Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan du Sepsi talde errumaniarra mendean hartu. Behetik gora joanda, emozioz betetako azken minutuekin agurtu du denboraldi honetako erronka handiena.
Final zortzirenetan Sepsi talde errumaniarrak Lointek Gernika Bizkaia kanporatu du Eurokopatik. Partidu amaiera zirraragarria izan zen atzokoa, eta luzapenean erabaki zen: 73-76.
Hasierako minutuetatik partiduaren erritmoa ezartzea eta kontrolpean izatea lortu zuen Sepsik. Aurreikusi modura, partidu hasieratik amaierara arte, Rebekah Gardnerrek eta Simina Mandachek buruhausteak eragin zizkieten talde gernikarraren jokalariei. Horiek ezinean ikusi ziren; erasoan zein defentsan asmatu ezinik, sufritzen. Ezintasun horri buelta ematea lortu zuten partiduaren hondarrean. Suspertu egin zen taldea, eta bere nortasuna atera zuen. Markagailua iraultzeko gai izan ziren jokalariak, garaipenean sinistuta, gogor borrokatu zuten azken momentura arte.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak jokalariek egindako esfortsua nabarmendu zuen: “Oso harro nago. Hamazazpi puntu behetik joan ondoren, indarrak ahal izan diren lekutik atera dituzte. Dena galdutzat eman beharrean, garaipenean sinisten hasi da taldea. Pena da hasiera ona egin ez izana, baina jokalari guztien eta talde teknikoaren lana goraipatzekoa da”.
Hasierako sentsazioak ez ziren onak izan. Indartsu, bizi hasi zen Sepsi, eta jaurtiketetan asmatzen. Nagusitasun horren adierazgarri zen markagailua, eta hamabi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (14-26). Lehen zatian talde errumaniarrak ideiak argi eduki zituen, eta nahi zuena lortzeko gai izan zen. Bost puntura hurbildu zen Lointek, baina akatsen aurrean, aurkariak ez zuen barkatu. Errumaniako ligaren liderrak talde oso serioa dela agerian utzi zuen. Gernika, berriz, ez zen gai izan bere ohiko jokoa egiteko.
Lehen zatian Nogaye Loren saskiratzeek argi apur bat eman zioten taldeari, baina, oro har, saskiratzeetan asmatzea erronka latza izan zen. Bigarren laurdenean, Marge Roundtreeren bertikaltasuna agertu zen. Angie Bjorklundi gehiago kostatu zitzaion partiduan sartzea. Roso Buchena izan zen Lointeken lehen hirukoa (28-34). “Oso txarto hasi gara, uste dut ez naizela gai izan jokalariei Europan jokatzen den maila fisikoa ikusarazteko. Erasoan baloiaren zirkulazio egokia egiteko modurik ez dugu aurkitu. Saskiratzeko arazo asko eduki ditugu, eta eurak erraz lortu dituzte. Aurkarien kontrola eta saskiratzeko erraztasunaren aurrean, defentsan zein erasoan bere onetik aterata egon da taldea. Bigarren laurdenean, defentsa aldatuta hobeto aritu gara”, azaldu zuen Lopezek.
Hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen zatia (31-41). Partidua maldan gora zegoen Lointekekoentzat, eta egoerari buelta emateko jarrera oldarkorragoa eta lehiakorragoa erakustea eta kontzentratuta jokatzea ezinbestekoa zen. Baloiaren zirkulazioan jario etengabea falta zen. Etxekoak defentsan sendo segitu zuten, eta saskiratzeetan hutsik egin barik. Buchek bere esperientzia baliatu zuen taldea zuzentzeko, eta Loren lana funtsezkoa izan zen. 40-57ko margakailuari buelta ematea ez da erraza, baina ezinezkorik ez dago. Lointekeko entrenatzaileak esan modura, hirugarren laurdenean, taldearen “bertsiorik onena erakutsi ez arren”, sinistu zuten apurka-apurka markagailuan hurreratzea posible zela. “Azken zatian, muturreraino borrokatu dugu, gure indar guztiekin, eta luzapenera joatea lortu dugu. Luzapenean, jaurtiketa libreetan huts egitea giltzarria izan da, eta horrez gain, epaileen pare bat erabaki ere euren aldeakoak izan dira. Eurak etxean jokatuta, bagenekien zalantzazko jokaldietan euren alde egingo zutela. Partidu amaieran egindako huts egiteetatik ikastea tokatzen zaigu”.
Lointeken izaera atera zen azken minutuetan. 38 minututan atzetik joan ostean susperraldia ailegatu zen. Besteak beste, Milica Ivanovic serbiarraren lau hirukoekin urduri ipini ziren Sepsikoak. Eta haren jaurtiketa libreekin Lointekek markagailua irauli zuen (63-61). Zazpi minututan hamazazpi puntuko aldeari buelta emateko gai izan ziren jokalariak. Lanean jarraituz, etsi gabe, eta altxatzeko gaitasuna daukatela erakutsiz luzapenean sartzea lortu zuten (67-67). Jaurtiketa libreek garrantzia handia hartu zuten orduan; puntu bakoitzak urrea balio zuen. Azken minutuan sartzean, bost puntuko errenta zeukan Sepsik, eta Ivanovicen hirukoak azken minutuetako emozio hura areagotu zuen. Segituan, berdinketa eskura eduki zuen, gainera, baina jaurtiketan ez zuen asmatu.
Zazpi egun, bost partidu. Liga, Erregina Kopa eta Eurokopa. Martxoa partiduz betetako hilabetea izango zela bazekiten, eta denboraldiko hilerik gogorrenean daude Lointekekoak. Emakumezkoen Ligaren azken txanpan, datozen zazpi egunetan ligako bost partigu jokatuko dituzte. Partida denak Canal FEBen ikusi ahalko dira.
Zapatu honetan [martxoak 20] Casademont Zaragozak bisitatuko du Maloste (19:00). Astelehenean [martxoak 22], Lleidan jokatuko dute Cadi La Seuren kontra, 19:30ean hasita.
Martxoaren 24an [eguaztena] Perfumerias Avenidaren kontra ariko dira Malosten (19:30), eta biharamunean IDK Euskotren etorriko da Malostera (18:30). Datorren astea borobiltzeko, martxoaren 27an [zapatua] Ciudad de la Laguna Teneriferen kontra jokatuko du, Tenerifen, 19:00etan (Euskal Herriko orduan).