Gernika-Lumoko antolatzaileek diote Euskaraldiko parte-hartzea "poztekoa" izan dela
Burutu zituzten jarduerei dagokienean, nabarmenddu dute iazkoan sare sozialak izan zirela ekimeneko "bide nagusia".
Euskaraldia 2020ko abenduan agurtu zen, baina entitateekin duten konpromiso formalari eusten diote Gernika-Lumoko Euskaraldiaren antolatzaileek, Hitzargune kanpainako hitzarmena oinarri hartuta. Gernikarren partaidetza “poztekoa” izan dela diote, bai entitateei dagokioenean zein norbanakoei erreparatuta.
Hain zuzen, Gernika-Lumon Euskaraldian partaide izan den entitate kopurua 97 izan da, eta horregaz pozik agertu dira arduradunak. Gainera, gizarte esparru desberdinetako ordezkaritza esanguratsua izan dela adierazi dute; hori horrela, irakaskuntzako (10), euskalgintzako (4), erakunde publikoetako (7), enpresetako (17), merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako (48), kirol elkarteetako (6) eta kultur elkarteetako (5) kideek parte hartu dute.
Bestalde, izena eman duten norbanakoak 2.703 izan dira, lehenengo edizioan (3.197) baino zerbait gutxiago. Baina zehaztu dutenez, kontuan hartu beharrekoa da lehenengo Euskaraldian inguruko herri txiki batzuek ez zutela izenik eman, eta horietako herritarrek Gernika-Lumora jo zutela. “Oraingoan, ostera, herri txikiek zuzenean parte hartu dutenez, bertako herritarrek euren herrian eman dute izena”, azaldu dute. Beraz, eskualdean areagotu egin da partaidetza, eta, ondorioz, Gernikan jaitsi egin da.
Gernika-Lumoko partaideen artean, %63 izan dira emakumeak. 1.704 emakumek parte hartu dute, 977 gizonezkok eta 22 ez binariok. Rolaren arabera, berriz, %89,12 ahobiziak izan dira; 2.409 ahobizi eta 294 belarriprestek parte hartu zuten azaroko ariketa sozialean. Adinari erreparatuz gero, 31 eta 45 urte bitarteko gernikarren artean egon da partaidetzarik handiena, %34,63 hain zuzen. %27koa izan da 46 eta 60 urte bitartekoen parte-hartzea, %22koa 16 eta 30 urte bitartekoena, %13,76 61 urtetik 75 urtera artekoena eta %2,22koa 75etik gorakoena.
Berakatz zopa TV. Burutu zituzten jarduerei dagokienean nabarmendu dute iazkoan sare sozialak izan zirela ekimeneko “bide nagusia”, bai entitateei zabalkundea ematerakoan, norbanakoei informazioa eskaintzerakoan, zein ekimenetan parte hartzerakoan. “Aipagarria da antolatu eta garatu zen streaminga Berakatz Zopa TV Youtubeko plataforman”.
20 saio desberdin egin zituzten plataforma horretan: dantza, sukaldaritza, musika, yoga, gimnasia, literatura edota solasaldiak, esate baterako. Horiek 21 parte hartzailek baino gehiagok gidatu zituzten, eta horien ekarpena eskertu dute antolatzaileek.
Urteroko 11 orduko irakurraldia 5 ordukoa izan zen azkenean, pandemiaren ondorioz, baina esparru desberdinetako ohiko partaidetza egon zela azpimarratu dute: irakaskuntza zentroak, euskaltegiak, irakasleak, merkataritzako ordezkariak, elkarteetakoak, komunikabideak, erakundeetako ordezkariak… Guztira 200 irakurle igo ziren Foru plazan jarritako oholtzara.