Emakumezkoen Euskal Ligaren lehen partidua Urbietan jokatu dute Gernika RTkoek
Gernika RTk 26-46 galdu du Hernani KREren kontra.
Azken asteotako gorabeherak gaindituta, Emakumezkoen Euskal Ligan lehen jardunaldia lehiatu du Gernika Rugby Taldeak. Ordiziaren kontra hasi behar zuen liga, baina birritan bertan behera utzi behar izan zuten partidua, eta azkenean, Hernaniren kontra etxean jokatu du denboraldi honetako lehenengo neurketa. Talde gernikarrak 26-46 galdu zuen Urbietan, zapatu arratsaldean.
Hamar jokalarigaz aritu ziren taldeak, eta beraz, 20 minutuko hiru zati jokatu zituzten. “Partidu gogorra izan zen. Jokalariz justu egon ginen, azken momentuan lesio pila bat eduki ditugu. Jokalari berriek martxa, erritmoa eta minutuak hartzeko aukera ona izan zen”, azaldu du Garazi Goikolea Gernika RTren jokalariak.
Etxeko taldea behetik gora joan zen: “Ahul hasi ginen, lehen zatian ez ginen hain ondo ibili, eta bigarren eta hirugarren zatian askoz hobeto jokatu genuen. Akatsetatik ikasi, eta partiduari buelta ematen saiatu ginen, eta hiru entsegu egitea lortu genuen”.
Asteburu honetan ez daukate partidurik, eta hurrengo jardunaldia La Unica RCren kontra jokatuko dute martxoaren 28an [domeka], 12:00etan hasita, Iruñean.