URAk Ajangizko ponpaketa estazioa eta kolektoreak eraikitzeko obrak lizitatu ditu
Eraikitzen ari diren Urdaibaiko saneamendu sistema orokorreko obren fase berri bat da honakoa. Obren lizitazio aurrekontua 1,9 milioi eurokoa da, eta lanak esleitzen diren momentutik urtebeteko epea aurreikusten da lanak amaitzeko.
Uraren Euskal Agentziak Ajangizko ponpaketa estazioa eta hari lotutako kolektoreak eraikitzeko obrak lizitatu ditu, ondoren Lamiaran araztegian tratatzeko. Eraikitzen ari diren Urdaibaiko saneamendu sistema orokorreko obren fase berri bat da Ajangizko ponpaketa estazioarena.
“Eginda dauden beste tarte batzuei jarraipena emateko lanak dira honakoak, hala nola Busturia Lamiaran tarteari eta egiten ari diren beste zati batzuei jarraipena emango diete; Gernika eta Busturia arteko loturari esaterako”, azaldu dute URAren ordezkariek.
Obren lizitazio aurrekontua 1,9 milioi eurokoa da –BEZa kanpo–, eta lanak esleitzen diren momentutik urtebeteko epea aurreikusten da lanak amaitzeko.
Ajangizko obrak Urdaibaiko itsasadarraren saneamendua hobetzeko lanen barruan sartzen dira, “ezkerraldeko intertzeptorearen bidez”. Zehazki, Ajangizko ponpaketa estazioa, udalerriko industria- eta hiri-isuriak biltzen dituzten kolektoreak eta horiek Gernikako saneamendu-sareraino bultzatzeko hodiak eraikiko dituzte. Horretarako, gainera, obra horien barruan sartzen da Oka ibaiaren azpian tinkatze bat egitea. Horregaz, Ajangizko hondakin urak ibaiertzez aldatzea ahalbidetuko dute, Ajangizko urak gero Bermeoko Lamiarango araztegiraino bultzatzeko, ezkerraldetik.
Industrialdeko urak ere. Etxeko eta industriako hondakin-urak bilduko dira kolektore berriagaz, ondoren arazteko. Obra horri esker, itsasadarreko isurketa baimendu garrantzitsuenetako bat jaso ahalko da: Maier enpresakoak, bai eta industrialdeko eta Kanpantxu auzoko industria-emariak eta ur beltzak ere.
Jarduera horri esker, Ajangiz-Muxika kolektorearen emariak ere jaso ahal izango dira, kolektorea exekutatzen denean, eta horiek guztiak Gernikako Intertzeptore Nagusian sartuko dira.
URAk jakinarazi duenez, gaur gaurkoz 15 milioi euro inbertitu ditu Urdaibaiko kolektore-sarean. Aipatutako zati horiek guztiak egin ondoren, saneamendu-sarearen azken zati bat geratuko litzateke egiteke: Muxikako hondakin-urak biltzekoa.