Gorenean segitzeko beste garaipen bat
Ohorezko B Mailaren 13. jardunaldian, Gernika RT 14-41 nagusitu zaio Gaztedi RTri. Hiru jardunaldi geratzen zaizkie liga amaitzeko, eta menderaezin jarraitzen du talde gernikarrak.
Ohorezko B Mailaren A multzoko talde sendoena izaten segitzen du Gernika Rugby Taldeak. Momentuz, aurkariek ez dute lortu bera gainditzea, eta multzo buru dago 32 puntugaz. 25 puntu ditu Hernani bigarrenak, eta 15 ditu Pasek Belenos hirugarrenak.
13. jardunaldia –bigarren itzuliko bigarrena– lehiatu dute asteburuan, eta igoera kanporaketak heldu bitartean, hiru jardunaldi geratzen zaizkie liga amaitzeko. Azken hiru jardunaldi horiek etxean, Urbietan, lehiatuko ditu Gernika-Lumoko taldeak. Asteburu honetan Hernani KRE hartuko du, eta hurrengoan Ourense RC. Apirilaren 11an, Bera Bera RTren kontra amaituko du bigarren buelta.
Gernika RTk 14-41 irabazi zion Gaztedi RTri, atzo, Gamarran. Gasteizko taldea behetik gora joan da denboraldi honetan. Goranzko joera horri esker, sailkapenaren goikaldean amaitu zuen lehen buelta, eta bigarrenaren lehen jardunaldian, Ourense RC mendean hartu zuen.
Atzoko neurketa ez zela erraza izango aurreikusita, basurdeek Gaztedikoen jokoa ondo ikasita eraman zuten, eta horri aurre egiteko erabaki eta entrenatu zuten jokoa plazaratzeko asmoz zelairatu ziren. Nahi eta egin. Gernikak lehen zatian bere jokoa ezarri zuen, eta seigarren minutuan markagailuan aurrea hartzea lortu, zigor ostiko bat baliatuz.
Taldea tinko zelairatu zen, eta lehen hogeita bost minutuak bete aurretik bi entsegu egiteak (Albertus De Bod eta Juan Bautista Arranz ) lasaitasun puntu batekin jokatzea ahalbideratu zien jokalariei. Bi entsegu horiek hiru minuturen buruan egin zituzten. Basurdeak konfiantzagaz zeuden. Lehen zatia amaitu orduko, Arranzek beste entsegu bat eta Gaizka Iturriagaetxebarriak beste bat lortu zituzten. Bi entsegu horien artean, ordea, etxeko taldeak zazpi puntu eskuratu zituen, Lojan Potgieterren entseguri eta Winrey Duwayne Stoffelsen transformazioari esker. 7-29ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, Gernikak ez zuen hasieratik jokoa ezartzea lortu. Lasaitasunak edo bestelako faktoreek eraginda, partidutik kanpo ikusi zen taldea. Hori ondo aprobetxatu zuen Gaztedik, eta bigarren entseguagaz, markagailuko aldea apur bat murritzea lortu zuen. Jon Ramon Montoyak egin zuen entsegua.
Hala ere, Gernikak puntu gehigarria lortzeko behar beste entsegu ez zituen, beste entsegu baten beharra zeukan, eta helburu hori lortzeko lanean aritu ziren basurdeak. Nolabaiteko urduritasunagaz bazeuden ere, presio horri aurre egiteko gai izan ziren. Horrela, azkenengo hamar minutuetan beste bi entsegu poltsikoratu zituen. 70. minutuan, Andoni Martinek egin zuen bat, eta bestea, Andoni Larrabeitik, 79. minutuan.