Eurokoparen hitzordua, Errumanian
Lointek Gernika Bizkaiak Sepsi talde errumaniarraren kontra jokatuko du bihar [martxoak 16] EuroCup Womeneko final zortzinerenetako partidua.
EuroCup Women bueltan da. Urtarrilaren hirugarren astean lehiatu zuten taldekako fasea, eta aste honetan final-zortzirenen txanda da. Lointek Gernika Bizkaiak Sepsi talde errumaniarra gainditu beharko du hurrengo fasera sailkatzeko. Bihar [martxoak 16] 18:00etan jokatuko dute Sfantu Gheorgen (Errumania). Partidua ETB4n eta FIBAko Youtubeko kanalean ikusi ahalko da.
Taldekako fasean La Roche Vendeeren aurka erakutsitako erasoko joko bera lortzea giltzarria izan daiteke, arintasun eta bizitasun huragaz jokatzea, eta era berean, Carolo Basketen aurkako defentsa sendoa eta alternatiba taktikoz betea berreskuratzea ere garaipena lortzeko gakoetako bat izango da. Errumaniako ligaren liderra da Sepsi, Euroligan ere esperientzia daukana, eta etxean jokatzearen abantaila edukiko du. Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren arabera, defendatzeko talde “zaila” da: “Kalitatezko 7-8 jokalari ditu, bosteko oso ona, eta kanpoko lerroan bi jokalari oso fisiko ditu. Batik bat Rebeka Gardner eskolta ezin dugu begiz galdu, eta Jovana Pasic hegaleko-jokalaria ere oso arriskutsua da”.
Roso Buch Lointekeko jokalari katalanak gogoratu du ez daudela sasoi onenean, baina ilusioa badaukatela: “Aurkari honi irabazteko gai garela badakigu, eta motibatu egiten gaitu final-laurdenera heldu gintezkeela jakiteak. Eta gero, noski, final four-era sailkatzen saiatuko ginateke, hori historikoa litzateke. Partidu bakarrean edozer gertatu daiteke; ez dago faboritorik”. Azken partiduak “lagungarriak” izan zaizkiela-eta, “nahikoa ondo” heltzen direla gaineratu du. “Beldu barik, eta konfiantzagaz” kantxaratuko dira: “Daukagun dena emango dugu. Talde honek EuroCupen erakusteko eta esateko asko dauka oraindik”.
Roso Buch: Daukagun dena emango dugu. Talde honek EuroCupen erakusteko eta esateko asko dauka oraindik”
Marta Alberdi gernikarrak ere dauzkaten “ilusioa eta gogoak” azpimarratu ditu, eta sentsazio onak hartzen daudela adierazi du: “Gu ere gogorrak gara, eta nahi duguna lortu ahal dugu. Lehiatzera goaz. Talde moduan bat eginda jokatu, eta guk dakigun moduan, defentsa ona planteatzea izango da gakoa”.
Gernika-Lumoko taldeak biharko neurketa irabazi gero, Venezia eta Gorzowen arteko kanporaketaren irabazlearen kontra lehiatuko du final-laurdena, eguenean [martxoak 18].
Marta Alberdi: “Gu ere gogorrak gara, eta nahi duguna lortu ahal dugu. Lehiatzera goaz. Talde moduan bat eginda jokatu, eta guk dakigun moduan, defentsa ona planteatzea izango da gakoa”.
Ligatik Eurokopara. Lointek aurreko astean ligako bi partidu lehiatu ostean ailegatuko da biharko hitzordura. Martitzenean 79-70 irabazi zion Araskiri. Barikuan, ostera, puntu bakarragatik galdu zuen Spar Gran Canariaren kontra (73-72). Hain zuzen, lehen laurdenetik markagailuan aurretik egon ostean, azken unean garaipenak ihes egin dio Lointek Gernika Bizkaiari, Kanaria Handiko Las Palmasen.
Partidua kontrolpean eduki zuen lehen zatian. Oro har, lehen bi laurdenetan, erasoan zuzen aritu zen Lointek. Kanpoko jaurtiketetan asmatzea kostatu zitzaion. Zazpi puntuko errentagaz amaitu zuten lehen zatia (31-38). “Bagenekin partidu oso zaila izango zela. Motibazio askogaz, bi garaipen jarraian lortzetik zetorren Gran Canaria, eta ez dauka ezer jokoan, eta partidu honetan ez zeukan ezer galtzeko. Uste dut lehenengo zatian, batez ere, Belen Arrojo sartu denean asko irabazi dugula. Aurkariaren barruko jokoa apur bat geldiaraztea lortu dugu, baina, hala ere, defentsako errebotean sufritu egin dugu”, azaldu zuen Lopezek.
Hirugarren laurdenean, defentsan erritmoa bizitu zuen etxeko taldeak. Bigarren zatian, garaipen gosez, euren nortasuna erakutsi, eta “joko oso fisikoa” egin zuten etxekoek. Talde gernikarrekoek, 11-13 puntuko errenta eduki zuten zenbait momentutan, baina ez zuten lortu partidua erabakita uztea. “Une batean, bi hiruko jarraian saskiratu dituzte, eta horrek partiduan sartzea eragin die, eta gu zalantzan egon gara. Egindako aldaketek ez dute eduki nahi genuen eragina”. Azken laurdenean, Spar Gran Canariaren jokalariek erritmoa areagotu zuten, eta defentsa oldarkorra erakutsi zuten. Lointekekoak ez ziren horri aurre egiteko gai izan: “Ez dugu asmatu baloiaren zirkulazioan eta posizio egokiak aurkitzen. Saskiratze errazak huts egin ditugu baita jaurtiketa libreak ere, eta defentsan ere akats batzuk egin ditugu. Hala ere, irabazteko aukerak eduki ditugu”.