Musikaren suaz berotzeko prest
Bihartik martxoaren 21era bitartean ospatuko dute Lekuek. Formatu txikian antolatu dute, musika sustatzeko ekimena, egungo egoera tarteko. Astra, Iparragirre eta Lizeo izango dira musikaz jantziko diren herriko guneak.
Herritik herrirako sortua. Autogestioz bultzatua. Merkatuko toki nagusietatik kanpo dagoena. Udalerriak daukan musikarekiko «bizitasuna» bultzatzeko asmoz sortutako jaialdia da Lekuek, eta zortzigarren urtea beteko du aurten.
Bihar hasi eta martxoaren 21era bitartean, herriko hamaika leku musikaz jantziko ditu. Aurreko urteetan jaialdia izan dena, formatu txikian antolatzea erabaki dute aurten, egungo egoera tarteko. “Jaialdia moldatu egin behar izan dugu. Jaialdi modura antolatu beharrean, formatu txikiko ekitaldietan kultura bultzatzea erabaki dugu, eta dena dago prest. Espero dugu ezbeharrik ez gertatzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Jaialdiaren filosofiak bere horretan dirau: Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea. Hala, artisten aterpe nagusiak diren Astra, Iparragirre eta Lizeo musikaz beteko dira beste urte batez. “Trinketek irailean ateak itxi zituenez, Trinketeko espazioa ez dugu izango aurten, baina Trinketeko kideek antolakuntzan eta lankidetzan jarraitzen dute”. Tabernek, baina, ez dute urteroko leku berbera izango. Izan ere, ezin izan dituzte liburu eta disko azokak antolatu, ez eta DJ kontzertuak edota kalean egiten zen Swing-a ere. “Ekitaldi guzti horiek bertan behera geratu dira, eta horregatik kendu diogu jaialdi kutsua aurtengo Lekueki”, azaldu dute antolatzaileek.
Kale eta tabernetan egiten zituzten ekitaldi horiek ez dituzte egingo, baina beste asko dira prestatuta dituztenak. Merkatuko toki nagusietatik kanpo dago Lekuek. Hala, estilo eta adin guztiei zuzendutako programazioa osatu dute. Asteburuetan zuzeneko musika emanaldiak izango dira protagonista, eta aste barruan, berriz, ekintzak. Kontzertuez gain, musikagaz edota kulturagaz zerikusia duten erakusketen aurkezpenak egingo dituzte, baita liburu aurkezpenak ere. Besteren artean, Ramon Zabalegiren eta Nagore Legarretaren Akatsa da bidea erakusketa nabarmendu dute. Andoni Fernandezek ere bere liburua aurkeztuko du, eta serigrafia tailerra ere egongo da aukeran; bertan, aurtengo kartela irudikatuko dute paperean.
Profil “oso desberdinetako” ekitaldiak antolatu dituzte, hori delako Lekueken nortasuna: “Leku ezberdinetan profil desberdineko ekitaldiak prestatu ditugu, ordutegi desberdinetan. Horrek danak jende desberdina erakarriko duela uste dugu. Eta hori oso polita da, eta gu oso beteta gaude egindakoagaz”.
Lankidetza, “bikaina”. Urtero legez, lankidetza ere «bikaina» izan da aurten, eta herriko taldeen arteko hartu-emana sare bihurtu da. Astra, Iparragirre eta Trinketek antolatzen dute baina, besteren artean, Lizeo Antzokiak ere parte hartzen jarraitzen du, baita Zine Klubak ere. “Lizeoan Rita Payes izango dugu, eta sarrera guztiak saldu dira. Lizeoak espazio eta edukiera handiagoa dauka, eta bere parte hartzea bermatzen jarraitzen du. Zinekluba ere bertan proiektatuko da”. Rockumentalaren emanaldia ere azpimarratu dute.
Iban Sainz Jaioren lanak lagundu du Lekueken suaren garrak pizten. Berak sortu du aurtengo iruditegi guztia, pianoa erretzen duen suaren pospoloa irudikatuz: “Itzelezko indarra eman zigun irudiak, ze sua irudikatu guran geunden. Ukatzen ari zaigun guztiak mugitzen gaituela irudikatu gura genuen”.
Kultura eta artea bultzatu behar direla uste dute, horiek barik “ez dagoelako ezer”. Argi utzi dute Lekuekeko antolatzaileek hori, eta hori islatu zuten gutun batean: Erresistentzia(k) hartuko dugu jarreratzat. Erre dezagun guztia, su garen bitartean. Suak argituko digu bidea, su emango diogu alkarri, eskerrak. Izan gaitezen, zu barrikada eta ni sua. Beroak harrapa gaitzala umelak gauden bitartean, esku hok haragizkoak bihurtzen diren bitartean. Indarrez gatoz, ez ahaztu. Zu barrikada eta ni sua! Zu barrikada eta ni sua!
“Jaialdi modura antolatu beharrean, formatu txikiko ekitaldietan kultura bultzatzea erabaki dugu aurten”
Hori horrela, aurtengo Lekuekek kultura egitea posiblea dela aldarrikatuko du, modu autogestionatuan, gainera. “Autogestioan egiten da Lekuek, boluntarioen lan handia dago, eta formatu txikia dauka. Ez dauka babesik. Lekuek denon artean antolatzen dugu. Horretan jardun dugu azken zazpi ekitaldietan, eta aurten ere apustua egin dugu eta ondo atera da. Izan ere, oso zaila da autogestioz lan egitea. Orain, are zailagoa da, gainera, egoerak txikiena apurtu duelako. Eta autogestioa dago bertan. Baina guk jarraitu dugu horretan sinisten eta horri bultzada ematen”.
Sarrerak agortuta. Lekuek sortzen duten pertsonak, artistak eta kultura ez daude egoerarik onenean, baina «inoiz baino laguntza gehiago behar eta jaso» dutela jakinarazi dute.
Kontzertuetako edukiera murriztuta dagoen arren, jendeak “bikain” erantzun du, eta kontzertu gehienetan sarrerak amaitu dituzte. “Metalfabrikan 10 sarrera geratzen dira, eta azken domekako Peru Galbeten ere sarrera apur batzuk geratzen dira, baina gainontzeko guztia segituan saldu zen. Horrek berretsi egiten du gure lana”, esan eta esker ona adierazi dute. Vulk taldearen kontzertua, esaterako, 24 ordu baino gutxiagotan saldu zela nabarmendu dute: “Jendea animatu da Lekuek babestera”.