Aurrekoetxea eta Fernandez ere, asteko onenak
Iñaki Aurrekoetxeak eta Idoia Fernandezek izan dira bigarren eta hirugarren asteko onenak. Otsailaren 22tik 28ra arteko lehia irabazi zuen Aurrekoetxeak, eta martxoaren 1etik 7ra bitartekoa Fernandezek.
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen duen Ezetz Jakin lehiaketa Egunean Behin aplikazioan lehiatzen dute orain, eta jokoaren dinamikara egokituta, astero banatzen dituzte herri mailako sariak. Xabier Enbeita izan zen lehen irabazlea, eta Iñaki Aurrekoetxeak eta Idoia Fernandezek izan dira bigarren eta hirugarren asteko onenak.
Otsailaren 22tik 28ra arteko lehia irabazi zuen Aurrekoetxeak, eta martxoaren 1etik 7ra bitartekoa Fernandezek. Azken aste horretan 102 pertsonek parte hartu zuten lehiaketan. Hori horrela, irabazleek herriko ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduetan euskaraz gastatzeko 50 euroko bonoa eskuratu dute.
Horrez gainera, parte-hartzaile guztien artean Praktikatu zerbitzuaren materiala eta 20 euroko bono-saria zozketatu zituzten. Azken bi asteetan, Macri Garcia eta Inma Ruiz izan dira saria jaso dutenak.
Parte hartu. Lehiaketan parte hartzeko, Egunean Behin aplikazioa deskargatuta eta izena emanda eduki behar da. Ostean, mezu bat bidali behar da gernika_berba@aek.eus helbidera, telefono zenbakia eta Egunean Behin aplikazioan erabiliko den izena edo ezizena zehaztuta. Hori eginda, taldean sartzeko zer egin behar den azalduko diete arduradunek parte-hartzaileei.
Arduradunek argi utzi dute jendea edozein momentutan gehitu daitekeela lehiaketara.