Kapitain kuttunaren agurra
Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiako kapitainak agur esan dio bere saskibaloi jokalari ibilbideari. Klubak berak merezi duen agurra emango dio "dena normaltasunera itzultzen denean, Malosteko harmailak beteta daudenean".
Saskibaloi jokalari ibilbidea amaitutzat ematea erabaki du Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiaren kapitainak. Nafarrak Gernikan, bere etxean, eman ditu azken zortzi urteak, eta esker oneko berbekin agurtu da.
“Helmugara iritsi naiz, gauetako ametsak baino hobeak izan diren uneak bizita eta maleta une ahaztezin eta balorez lepo. Zoriontsu izan naiz, eta pozik noa. Nire kirol ibilbidean zehar lortutako garaikur garrantzitsuena eskuratu baitut: Bizitza osorako lagunak”, adierazi du altsasuarrak bere agur gutunean. Orain, harmailetatik, beste edozein zale bezala, saskibaloiaz gertutik gozatzen jarraituko du. Hain zuzen, pandemia egoerak eragindako une gogor hauek gaindituta, egoerak hobera egitea espero du, eta saskibaloi partiduetan harmailak beteta ikustea.
Gogoratu du Altsasun hasi zuela bide hau; bertan ikasi zuen lan eginez “ametsak lortzetik gertuago egoten dela”. Oro har, bere ibilbidean igarotako lau saskibaloi klubei, zaleei, taldekieei, familiari, saskibaloi munduan lan egiten dutenei, komunikabideei eta bidean aurkitutako “pertsona berezi horiei” eskerrak emanez agurtu da. “Eskerrik asko aldagela partekatu dudan taldekide bakoitzari, kapitain lanak errazteagatik. Zuen falta sumatuko dut. Eskerrik asko nire ibilbidean aurkari izan ditudan jokalari guztiei, zuei esker eman dut nire mailarik onena, eta aldi berean, pozik jaso ditut kiroltasunak trukean emandako pozak”.
Malosterentzat eta marea granatearentzat berba politak jaso ditu bere gutunean: “Gernikar bat gehiago naiz. Nola zaindu nauzuen! Eskerrik asko denoi, Malosteri eta marea granateari, zuon berotasuna sentitzea bakarra delako, izan une onenetan edo txarrenetan, beti hor egon zarete, jesarlekuan zutik, hainbeste hunkitzen gaituen txalo zaparrada ozen hori ematen. Baita kalean ere egunerokoan animoak ematen dituzten pertsona horiei ere eskerrak. Batez ere, bere irribarreekin nire ilusioa berpiztu izan duten umeei”.
Komunikabideei mezu zehatza bidali die: “Segi emakumezkoen kirola bozgorailuetan jartzen, ez baitago aurrera egiteko beste biderik”.