Indarra eta konfiantza hartzen segitzeko garaipena
22. jardunaldian atzeratutako partidua jokatu dute Malosten. Lointek Gernika Bizkaiak 79-70 irabazi dio Kutxabank Araskiri. Ligako sei jardunaldi ditu lehiatzeko, baina, dagoeneko ligako titulua lortzeko kanporaketetarako sailkatzea lortu du talde gernikarrak.
Ligako titulua lortzeko kanporaketetan egongo da Lointek Gernika Bizkaia. Aurretik hilabete luze eta gogor hau gainditu beharko dute jokalariek. Izan ere, atzeratuta geratu ziren hiru partidu, eta azken hiru jardunaldiak lehiatu behar dituzte datozen asteotan. Gainera, ligako partidu horiez gain, datorren astean Eurokoparen final-zortzirenetako neurketa dauka Errunanian.
Hain zuzen, 22. jardunaldian atzeratutako partidua jokatu zuten atzo, Malosten. Etxeko taldea 79-70 nagusitu zitzaion Kutxabank Araskiri. Horrela, play off-etan kantxa faktorea bere alde edukitzeko beste pauso bat eman zuen.
Urtarrilaren 10ean Campus Prometeren kontra jokatu zuenetik, etxean lehiatu barik zegoen Lointek Gernika Bizkaia. Maloste ondo baino hobeto ezagutzen duten bi jokalari ohiek, Izaskun Garcia muxikarrak eta Maria Asurmendi iruñarrak, bere alea ipini zuten garaipena Gasteizera eroateko.
Baina, lehen laurdenean izan ezik, partidua kontrolpean eduki zuen etxeko taldeak. Baina, talde arabarrak ez zion lana erraztu, ahalegin betean aritu zen garaipena lortzeko. “Lehen laurdenean bi taldeok erasoan paretsu aritu gara, defentsan akats batzuk egin ditugu. Zuzeneko blokeo defentsan arazoak sortu dizkigute. Erasoan jariakortasuna eduki dugu, baina defentsan ez gara hain eroso aritu”, azaldu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak partidua amaitu ondoren.
Zuzendu beharrekoak zuzenduta, bigarren laurdenean defentsa lana hobetu zuten etxekoek, eta erasoko erritmo bizia mantendu zuten. Irakurketa onak eginda, baloiaren zirkulazioan asmatu zuten. Lan horri esker, abantaila polita lortu zuten atsedenaldira heltzeko (37-26).
Bigarren zatia hastean ildo beretik segitu zuten, baina partidua erabat hautsi barik. Hala ere, Araskikoek errenta apur bat murriztean, Lointekekoek berehala erantzun zieten. Azken laurdenean, garaipenak ihes ez egiteko aldeari eusteko lan egin zuten.
33 puntugaz, Nogaye Lo mallorkarra izendatu zuten partiduko jokalari onena. Erakustaldia eman zuen. Ia ez zuen hutsik egin; 23 puntu eta 7 errebote eman zituen.
Itziar Ariztimuño Lointekeko jokalariak adierazi zuen erritmoa hartzen joateko, kantxan hobeto sentitzeko eta datorkienerako prestatzeko balio izan diela atzoko derbiak. “Partidu garrantzitsua izan da play off-etara iristeko eta sentsazio onak hartzeko”. Bilbotarraren berbetan, partidu gogorra izan zen: “Araski talde oso lehiakorra da, defentsan zein erasoan intentsitate askogaz jokatzen du beti, eta horrela izan da gaurko partidu osoan ere”.
Etzi, Gran Canaria. Asteburu honetan 28. jardunaldiko partiduak jokatuko dituzte Emakumezkoen Ligaren taldeek. Lointek Gernika Bizkaiak Spar Gran Canariaren kontra jokatuko du barikuan, 19:00etan.