Atsedenleku berria egin dute Oka ibaiaren ezkerraldeko pasealekuan
Gernika-Lumo eta Murueta artean jarritako atsedenlekua, Urdaibaiko oinezkoen konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat gaitzeko proiektuaren jarraipena da.
Amaitu da Oka ibaiaren ezkerraldean dagoen pasealekuaren paisaia hobekuntzako lehen fasea. Horretarako, Gernika-Lumo eta Murueta arteko pasealekuaren hasierako zatian, zaharkituta zegoen eremuan, atsedenleku berri bat egin dute.
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren zerbitzuak eta Gernika-Lumoko Udalak lankidetzan sustatutako lan berriak jarraipena ematen die Oka ibaiaren goiko estuarioko pasealeku eta aisialdi guneak hobetzeko abian jarritako lanei. Hain zuzen, Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren testuinguruan, Urdaibairen oinezko konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat egiteko proiektuaren barruan egindako lana da.
Padurabidea izeneko eremu espezifiko horretarako idatzitako proiektuaren helburua da Gernika-Lumo eta Murueta arteko pasealekuko hainbat gune zaharkitu eta esanguratsu egokitzea, material eta forma naturalak erabiliz. Hori horrela, material naturalak erabiliz eta gainazal lau eta okerrak nahastuz, mihise berri bat sortu dute, “tapiz bat bailitzan”. Hau da, atsedenleku berria eraikitzeko, pasealekuaren hiri periferian “ondoen” integratzen diren formak eta elementuak hautatu dituzte.
Obra hau gauzatzearekin, amaitu da pasealeku eta aisialdi guneak hobetzeko abian jarritako proiektuaren lehenengo fasea, 47.983 euroko inbertsioagaz.
Mugikortasuna hobetzeko asmoz. Lanon helburua “paisaia hobetzea eta ingurumenera egokitzea” izan da.
Izan ere, proiektuagaz oinezkoentzako zenbait ibilbide egokitu gura dituzte, goi estuarioko bi ertzen arteko “mugikortasuna eta komunikazioa” hobetzeko. Aldi berean, pertsonen “sarrera libre eta kontrolik gabekoari” dagokionez, ingurumen balio oso handiko zenbait eremu babestu gura dituzte, baita esku hartutako eremuko natura eta kultura ondareari balioa ematea ere.
Jakinarazi dutenez, duela bi urte espazio horretan jarritako kontagailuen arabera, astero 3.000 pertsona inguruk erabiltzen dute bidea, eta uste dute datu horiek agerian uzten dutela proiektuak izan dezakeen arrakasta.