Andoaingo Piano Jaialdian emaitza "bikainak" eskuratu dituzte Julia Foruriako ikasleek
Aurtengo jaialdian asko jaitsi da parte-hartzea, baina 6 eta 17 urte bitarteko 266 gazte elkartu ziren Basteron. Azken urteetan legez, aurten ere emaitza "bikainak" eskuratu dituzte Julia Foruria musika ikastegiko ikasleek.
Andoaingo 16. Piano Txapelketa egin zuten otsaileko asteburuan, eta urtero legez, Busturialdean pianoa ikasten ari diren hainbat ikaslek parte hartu zuten bertan.
Aurtengo edizioa berezia izan da, eta parte-hartzaileen kopuruan nabaritu da hori. Asko jaitsi da ikasleen parte-hartzea, baina 6 eta 17 urte bitarteko 266 gazte elkartu ziren Basteron; 230 Gipuzkoakoak, 38 Bizkaikoak, 18 Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herriko, Kantabriako eta Mallorkako bana.
Segurtasun tarteak errespetatzeko, bakarlari modalitatea besterik ez da egon aurten, lau eta sei eskutara modalitateak kenduta.
2008az geroztik Julia Foruria musika ikastetxeko piano joleak urtero aurkeztu dira piano jaialdira, eta azken urteetan legez, aurten ere emaitza “bikainak” eskuratu dituzte. Julia Foruria ikastegiko arduradunen berbetan, ikastegiko piano jole trebeen lanak “fruitu ederrak” eman ditu, jaialdira aurkeztutako ikasle guztiek urrezko dominak eskuratu baitituzte: “Zorionak denoi eta jarraitu musikaz gozatzen”.
11 urtera arteko modalitatean Ohian Mugira, Markel Arrazua, Katalin Miñaur, Maialen Ugalde eta Garazi Uria aritu ziren. 14 urtera arteko modalitatean, berriz, Unai Belloso eta Danel Ugalde aritu ziren.
Ohiko bakarkako modalitatez gain, Javier Gonzalez Sarmiento sari berezia izan du aurtengo jaialdiak. Sari horretan, 12 eta 24 urte bitarteko 23 piano-jolek parte hartu zuten.