Ana Maria Zubiaga zientzialari foruarraren lana aitortu dute
Foruako Udalak Ana Maria Zubiaga zientzialaria omendu du, "gizarteari egin dion ekarpena izugarrizkoa izan delako". Zubiagak udalak egindako aitorpena eskertu du, urte luzez ondoan izan dituen emakumeez oroitu da.
Martxoaren 8an emakumeek gizartean egindako lana balioan jarri gura izan du Foruako Udalak, eta, Ana Maria Zubiaga zientzialari foruarraren lana aitortu dute.
“Gaur emakumeen figura balioan jarri gura dugu, asko zor baitiegu. Urte luzeetan zehar ikusezinak izan diren lanak egin dituzte emakumeek, eta berdintasunaren bila pauso sendoak eman dituzte. Foruar emakumeek zein, orokorrean, gure gizartean ezinbestekoak diren ama, ahizpa, arreba, amuma, lagun eta emakume guztiek egindako lana balioan jarri gura izan dugu gaur”, adierazi du Mikel Magunazelaia Foruako alkateak.
Herriko emakume guztien lana goraipatzeagaz batera, Ana Mari Zubiaga zientzialariaren lana azpimarratu du alkateak, “gizarteari egin dion ekarpena izugarrizkoa izan delako, bai pertsonalki zein zientzialari legez”. Emakume modura ere “aitzindaria” dela dio.
Zubiagak Udalak egindako aitorpena eskertu du, herriaren aitortza jasotzea “oso pozgarria” dela esanez: “Aitorpenak jasotzea beti da gauza pozgarria, baina norbere herrian norberak egindako lanaz gogoratzea eta omenaldia jasotzea bestelako gauza da. Beste poztasun bat ematen du horrek, benetan eskertzekoa da”.
Zubiaga ez da Foruan bizi, baina herriagaz “harreman estua” daukala nabarmendu du, bere gaztaroko erreferente guztiak bertakoak direlako. Gaurko egunez aintzatespena jasotzea “berezia” da, eta ondoan izan dituen emakumeekin oroitu da zientzialaria. “Nire ama eta amumagaz akordatzen naiz. Bizitzan une gogor asko pasatu dituzte, baina indarra eta bizipoza ateratzen zuten beti. Inoz ez dira erori, eta etxeetako ardatzak izan dira. Sostengua, indarra, bizipoza… atera eta transmititu dute beti. Hori izan da nire gazte denboran ikusi eta ikasi dudana”, esan du eta ondoan izan dituen “andra zoragarri guztiak” miresten dituela adierazi du. Aitopena, beraz, Foruako emakume guzti horien artean partekatzekoa dela deritzo: “Lan asko daukagu egiteko, baina benetan ditugun ereduak hain dira zoragarriak, eureri begiratu eta aurrera jarraitzeko indarrez betetzen gaituztela”.
Ezagutarazteko lana. Udaleko Berdintasun Sailaren helburua herritarrak emakumeen eskubideez “sentsibilizatzea eta informatzea” dela esan du Magunazelaiak: “Berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea lortu gura dugu, eta pandemia ezin da izan emakumeen eskubideen borrokan atzerapausoak emateko aitzaki bat. Berdintasunean oinarritutako gizartea aurrera atera eta lanean jarraitzeko Ana Maria Zubiaga bezalako emakumeen lanari eta lorpenei ahotsa eta ikusgarritasuna ematea beharrezkoa da”. Hori horrela, Zubiagak egindako ahalegina eskertu eta Euskadi ikerketa zientifikoaren mapan “kokatzen lagundu” duela esan du Magunazelaiak.
Zubiagak EHUn garatu zuen doktoratu aurreko ikerketa jarduera, eta doktoretza ondokoa Tufts eta Harvardeko unibertsitateetan egin zuen, non minbiziaren garapenean inplikatutako geneen erregulazioaren azterketan espezializatu zen. 1995ean EHUn irakasle lanetan hasi zen. Gaur egun, genetika arloko katedraduna da, eta graduko eta graduondoko ikasketetan irakasten du. Minbiziaren biologiak eta genetikak bat egiten dute bere ikerketa esparruan.
Zientzialari gisa, Espainia mailako eta Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako 20 proiektu baino gehiagotan izan du etengabeko finantzaketa, ikertzaile nagusi gisa. 60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak biologia molekular eta genetikoan eragin handia daukaten aldizkarietan. Horiek nazioarteko kongresuetan aurkeztu ditu, eta ikerketa eta dibulgazio zientifikoko mintegiak eman ditu.