Funtsezko zerbitzuak bete dituzten emakumeak omendu dituzte
Hemeretzi emakumek jaso dute Bizkaiko gizartearen aintzatespena gaur, "pandemia garaian egindako lan nabarmenagatik"
Bizkaiko Emakume Hautetsien V. Batzarrak pandemia garaian lehen lerroan egon ziren emakume langileak omendu ditu gaur Batzarretxean. Hemeretzi emakumek, funtsezko zerbitzuetako beharginen hainbat kolektiboren ordezkari modura, Bizkaiko gizartearen aintzatespena jaso dute, egindako lan nabarmenarengatik.
Osasun arloko eta supermerkatuetako beharginak, suhiltzaileak, abeltzainak, farmazialariak, ikertzaileak, garbitzaileak, irakasleak, informatikariak, ertzainak, udaltzainak, garraio publikoko gidariak, garraiolariak, kazetariak eta hirugarren sektoreko ordezkariak izan dira Batzarretxean omendutakoak. Emakume hautetsi eta omenduak helburu komun bategaz elkartu dira gaur: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak batzarraren garrantzia azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da urteroko topeketa hau egitea gure espazioa eskatzeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte baten aldeko borroka adierazteko”. Gainera, pandemiak osasun, ekonomia eta gizarte arloan izan dituen ondorioek emakumeengan eragin “handiagoa” izan dutela adierazi du, “emakumeek osasun arloko lanaren eta funtsezko zerbitzuen gainkarga jasaten dutelako”. Hori dela eta, pandemiari egunero aurre egin dioten “emakume langile guztiei” omenaldia eskaini diete: “Euren lana barik, ezin izango genukeelako bizirik atera bizi dugun larrialdi honetatik”.
Adierazpen instituzionala. Emakume langileak omendu eta gero, Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik –alderdi politiko guztietakoak– Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala irakurri dute. Adierazpen instituzionalagaz adierazi dute, pandemiaren aurrean emakumeek egindako borroka aitortzekoa dela: “Izan ere, zaintza lanak emakumeek egin dituzte, bai zerbitzu publikoetan zein etxe barruan. Gehienbat eurek arduratu dira osasun eta gizarte krisi honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu asko eta asko emateaz”.
Testua irakurrita, Mertxe Larrañaga Sarrieguirena izan da hitza. Ekonomian doktore eta EHUko irakaslea denak, krisiek generoaren arloan duten eragin desberdinari buruzko bere ikuspegia eman du.
Ekitaldia amaitzeko, Silvia Gutierrez Ortega gitarra-jotzaileak Gernikako Arbola abestia interpretatu du, eta Iparragirreren gitarra erabili du Urretxuko bardoaren notak eta bertsoak erreproduzitzeko.