Presondegi-Ospitale militarra itxi zeneko 80. urteurrena gogoratu dute
Pipergorri Kultur Alkartekoek Gernikako Ospitale Militarrean hildako 269 pertsonen izen-abizenak zehaztu dituzte eta Jose Ibarrolak egindako oroigarria jarri dute Zalloko hilerrian
1938tik eta 1940ra bitartean Gernika-Lumon egon zen gerrako Presondegi-Ospitale Militarra zarratu zeneko 80. urteurrenaren harira, memoria demokratikoaren alde egin du Pipergorri Kultur Alkarteak. Zalloko hilerrian memoriaren leku bat ezarri gura izan dute, ospitalean hildakoen zerrenda osotu baten eta Jose Ibarrola artistak egindako esku-hartze artistiko baten bitartez. Esku-hartzea aurkeztu zuten atzo Zalloko hilerrian.
Memoria kolektiboak “erreferentzia elementuak” behar dituela aintzat hartuta, Gernikako Presondegi-Ospitale Militarrean hildako 269 pertsonen izenak jasotzen dituen zerrenda berritua jarri dute Zalloko hilerrian. “Hildakoen kopurua zehaztea ere oso garrantzitsua izan da guretzat. Orain arte ez da egon zehaztuta, baina orain lortu dugu hildako kopuruari zenbakia jartzea: 269 dira hildakoak, ez bat gehiago ez bat gutxiago. Behin-betiko zerrenda egin dugu, beti bertako dokumentazio iturriak eta hildakoen jatorriko herrietan lortutakoak gurutzatuta”, azaldu dute gaur Pipergorriko kideek. Ordezkatu duten zerrendaren plaka 2008koa zen, eta kaltetuta zegoen. Gainera, zerrendan zuzenketa batzuk egin behar izan dituzte, eta horiek eginda, bertan hil zirenen izenak orden kronologikoan jarri dituzte.
Jose Ibarrolaren oroigarri artistikoagaz osatu dute plaka. “Ibarrola buru belarri egon da proiektuan sartuta, guztion memoria gordetzearen alde”, eskertu dute Pipergorri Kultur Alkartekoek. Ibarrolak, bere aldetik, “ohorea” dela horrelako ekintzetan parte hartzea dio: “Garrantzitsuena hildakoen oroimena da. Memoria berreskuratzeko plaka horretan jartzen duena da garrantzitsuena. Nik harri honetan egindakoa seinale bat baino ez da, memoriaren leku hau markatzeko balio duena”. Artista modura horrelako proiektuetan parte hartzea “beharrezkoa” dela deritzo, artistek artista bezala duten betebeharra “soziala” ere badelako.
Esku-hartzea eskualdeko harri bategaz egin du Ibarrolak, eta harri hori inguruko lurretakoa izatea bilatu du: “Inguruko harri bat izatea nahi nuen, Ereñoko edo Arteagako harrobiko harri bat, gorri samarra, isuritako odola bezalakoa”. Eta harriari urradura diagonal bat egin dio: “Harri zauritu bat egin nahi nuen, biktimak diren bezala. Urradura hori denborarekin desegin egingo da, baina zauria beti egongo da. Biktimekin gauza bera gertatzen da. Zauriak osatzen doaz, ahaztu egiten dira, baina marka bat beti geratzen da”. Hori azaldu, eta biktimen familiek bizi zuten urradura islatu gura izan du.
Oroimenaren lekuak. Leku horrek gernikarrentzako “erreferentzia” izan behar duela uste dute, “historiaren ezagutza hori ezinbestekoa delako”. Eta horretarako memoriaren “leku duinak” sortu behar dituztela uste dute. “Memoria kolektiboak oroimenaren lekuak deiturikoak behar ditu, iragan hori ez ahazteko. Horrela integratu nahi dugu gerrako Presoen Ospitale Militarraren kapitulua, hainbeste lekutako hainbeste familiari eragin ziona. Bizitza asko urratuta geratu zirelako, eta horien oroimena gorde behar delako”, arrazoitu dute egindakoa Pipergorri Kultur Alkartekoek. “Izenari izana” eman gura izan diote, eta”izanari izena”.
“Gure historiaren garai ilun horietan informazioa ezkutatzea ez zen kasualitatea izan. Zigorrerako, nagusitasuna erakusteko eta umiliaziorako tresna izan zen. Horregatik oso garrantzitsua iruditzen zaigu ezagutzak dakarren ordaina: memoria demokratikoa. Izan ere, memoria demokratikoa ez da moda bat, beharrezkoa da”, azaldu dute elkarteko kideek gaurko ekitaldian, eta horren alde egin dute.
Pipergorri Kultur Alkartea “pozik” dago egin duen memoria lana gernikarrei eskaini ahal izateaz eta, batez ere, “gernikarren iragana memoria kolektiboan jaso izana lortzeaz”. Memoria hori lortzeko bidean erakundeek izan duten lankidetza “aparta” izan dela azpimarratu dute, eta bihotzez eskertu dute; Gogora Institutuak, Gernika-Lumoko Kultur Etxea Fundazioak, Bakearen Museoak, Gernikazarrak, eta Gautegiz Arteaga eta Ereñoko Udalek parte hartu dute. “Erakundeen lankidetza aparta izan da, eta bihotzez eskertzen dugu. Gure boluntarioen lana, ilusioz beteta daudenena, ez dago kontuan hartzerik”.
Aurrera begira. Ospitale militarra itxi zeneko 80. urteurrena balioan jarri gura izan dute, baina urteurreneko ekitaldiak gehiago izango dira. Izan ere, hildakoei omenaldia egin gura diete, baina ez dakite noiz egin ahalko duten, pandemia dela-eta. “Gure asmoa guzti hau iaz egitea zen, baina pandemiagatik dena atzeratu da. Omenaldia ere egingo dugu, baina mugikortasuna libreagoa denean”, azaldu dute arduradunek.
Halaber, Gernikazarrako kide diren Vicente del Palacio eta Txato Etxanizek ospitale militarrari buruz egindako lehenengo ikerketa historikoa berriro publikatuko dute, oraingoan euskaraz, eta egin beharreko zuzenketekin: “Ikerketa berriro euskaraz publikatu gura dugu, errepasatu eta gero. Azken datu eta zerrendak zuzenduko ditugu eta Piper Gorri elkarteak eranskin egingo dugu. Bide batez, hartu ditugun lekukotza batzuk ere argitaratuko ditugu”.