Bizipozez, Bizipozako elkarteen gizarteratzea bultzatuz
Bizipoza elkarteak ‘Mundu berri bat guztiontzat’ egitasmoa jarri du martxan, Bizipoza osatzen duten elkarteen gizarteratzea bultzatzeko. 12 abesti eta 11 bideoklip kaleratu dituzte horretarako. Bizipozaren helburu nagusiena Bizipoza osatzen duten elkarte guztiek beharko luketen herri inklusioa eraikitzea da.
Bizipenek eta bizipozek talka egiten dute askotan. Baina baita elkar elikatu eta babestu ere. Gaixotasunek gogor kolpatzen dute, beldurrak eragiten dituzte, baina elkar babestuz aurre egiten zaie.
“Batuta dena dela errazagoa” dio Bizipozak, eta hori transmititu eta zabaldu nahi dute bere baitan biltzen diren 35 elkarteek. Horretarako Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa jarri dute martxan, eta elkartea osatzen duten elkarteei kantu eta bideoklipak egiten dizkiete. 11 elkarterentzako abestiak eta bideoklipak kaleratu berri dituzte, eta beste elkarteentzako egiteko lanean dabiltza orain.
Bizipoza osatzen duten elkarteak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien elkarteak dira, “oraindik hainbat eskubide bermatu gabe dituztenak, gainera”. Elkarteen arteko saretze hori bozgorailua da eurentzat.
Leire Elizegi Bizipoza elkarteko kidearen berbetan, Bizipozaren helburu nagusiena Bizipoza osatzen duten elkarte guztiek beharko luketen herri inklusioa eraikitzea da. “Elkarte guztien errealitatea gizarteratzea eta errealitate horiei buruz sentsibilizatzea bilatzen dugu, eurek transmititzen dituzten baloreak zeintzuk diren esanez”, azaldu du Elizegik. Eta bide hori “elkarlanean eta alaitasunetik” eraikitzen ari direla dio.
“Bizipozaren ibilbidean egitasmo desberdinak burutu izan ditugu, eta urteetan baliabide asko sortu ditugu. Orain dela bi urte, esaterako, dokumental txikiak egin genituen, bizipoza.eus webgunean ikusi daitezkeenak. Horiek elkarte bakoitzaren asmoak eta errealitatea jasotzen dute, elkarteko kideen eskutik”. Baliabide horiek sortu dituzte, helburu orokorra lortzeko asmoz. Bidean pauso txikiak emanez kilometroak ibili dituzte. Eta ibiltzen jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu dute. “Gida didaktikoak sortu nahi ditugu geroago, elkarteen egoera gizarteratu eta sentsibilizatzeagaz batera, lanketak aurrera eramateko bai hezkuntza formalean, ez formalean zein herrigintzan”, azaldu du Elizegik.
Oraindik existitzen ez den inklusioa bilatzearen alde egiten dute: «Ezagutaraztea, gizarteratzea, sentsibilizatzea eta aurrerapausoak ematea beharrezkoa da benetako herri inklusio hori lortu ahal izateko»
“Beharrezko” lana da egiten dutena, Bizipoza osatzen duten elkarteen jarduna zein den zabaltzea “ezinbestekoa” dela deritzelako. Oraindik existitzen ez den inklusioa bilatzearen alde egiten dute: “Ezagutaraztea, gizarteratzea, sentsibilizatzea eta aurrerapausoak ematea beharrezkoa da benetako herri inklusio hori lortu ahal izateko”. Izan ere, horrelako egoera bat gertu bizi arte, ez da jakina zein den elkarteko kideek bizi duten errealitatea. “Horrelako egoera bat gertuan bizi arte ez gara ohartzen euren errealitateaz. Eta bizilagunak gara, herri berean bizi garen pertsonak, gizarte berean gaudenak, eta hainbat errealitate ilunpetan daude oraindik”. Gizarteratze horren aberastasuna “handia” izango litzatekela uste du gainera: “Gizarteratzea eta elkarrezagutzea oso aberatsa da, denok aberasten gaitu. Denok daukagu zer emana eta zer jasoa. Uste dugu, benetan, herri inklusibo hori izango litzatekeela guztiontzat aberatsena eta zoriontsuena. Guztiok zoriontsuago bizi ahal izateko aukera denoi emango diguna”.
Mundu berri bat
Asmo horietatik abiatuta sortu zen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa, elkarteek egiten duten lana zein den ezagutzeko bidea dena. Kantu eta bideoen bitartez, euren errealitatea plazaratzen dute.
Egitasmoaren atzean, baina, elkarlan sakona dagoela aitatu du Elizegik: “Egitasmoa Bizipoza osatzen duten 11 elkarteen eta euskal herriko sortzaileen arteko elkarlanaren ondorioa da”. Beste euskal sortzaileren artean, Eñaut Elorrieta abeslari gernikarrak eta Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak parte hartu dute ekimenean.
Elkarlana “ederra” izan dela dio Elizegik, bide naturala. “Ikusten dugunean euskal sortzaileek zeri sortzen dioten egunerokoan, zeri abesten dioten, zeini idatzi edo antzezten dioten, konturatzen gara mundu berri bati idazten, kantatzen edota dantzatzen diotela. Asmo horiek eguneroko sortze prozesuan barneratuta dituztela konturatu gara, eta, hortik, harreman naturala sortu dugu”, azpimarratu dute.
Kantu bakoitzaren inguruan talde bat eratu dute, eta sortze prozesu hori “oso polita” izan dela diote. Abesti bakoitzak elkarte bat, elkarteko lagunak, letra egin duen bertsolari edo idazlea eta abeslariak bildu ditu. Musika konposatzeaz, berriz, Xabier Zabala arduratu da. Berak konposatu ditu denak, eta bideoak Arena komunikazio agentziak egin ditu.
Prozesu “aberasgarria”
Sortze prozesu horretan elkar ezagutu dute artista zein elkarteetako kideek, eta batera eraiki dute kantuaren bidea. Prozesu hori “oso aberasgarria” izan dela dio Elorrietak.
Prozesu parte hartzailea izango zela proposatu zioten abeslariari Bizipozeko kideek, eta hala izan da. “Sorkuntza prozesuak abiatuta zeuden, bai letra zein musika egitearenak, baina ez zeuden itxita. Eta aukera eman zidaten sorkuntza prozesu horretan parte hartzeko eta proiektuari elkarren eskutik heltzeko azkenengo emaitzara arte”, azaldu du Elorrietak. Hori horrela, oso prozesu “ederra” iruditu zitzaiola dio.
Elkarteen betebeharrak plazaratzeko eta zabaltzeko beharraren beharraz badaki Elorrietak, eta ezinbestekoa iruditu zitzaion proiektuan parte hartzea: “Iruditzen zait egunerokotasunean hain arin bizi garen gizarte zoro honetan, horrelako ekimenak egitea ezinbestekoa dela. Izan ere, ez dira behar beste ezagutzen, eta nire parte hartzeagaz indarrak batzea polita izango zela pentsatu nuen”.
Elorrietaren ahotsetik ezagutu daiteke Aspanogi eta Aspanovas elkarteen zeregina eta elkarteko kideen errealitatea. Kolpea! Erraietan arrakala, beldurrak ahozabala, babesa ta zaintza profesionala, egia onartu ahala. Hala dio kantuak hasieran, eta mina eta bizimina minbiziaren bi kriskitin direla azpimarratzen du. Hala ere, haur eta gazteen “ausardia” nabarmendu dute: zu, ausardia, eredua, bizipoza. Gu, familia, maitasuna ta bihotza. Etxeko txikienen irrifarra, itzaltzen ez den izarra, hori da gidari dugun iparra, txapeldun baten indarra.
“Kantuen bitartez polita da errealitate batzuk jendeari erakustea”, dio Elorrietak. Gainera, abestiak ez dituztela dramatik edo biktimen ikuspuntutik landu adierazi du: “Minbizia duten umeen egoera eta errealitatea berez oso bortitza da. Baina ekimenagaz asmatu dute, ez dituztelako abestiak biktimaren ikuspuntutik edota dramatik landu. Errealitate gordin bat erakusten dute, baina bizipozetik”. Hala, uste du mirestekoa dela elkarteek egiten duten lana, eta errealitate horren “jabe egitea” ezinbestekoa da.
Bizipozez eta bizi minez hitz egiten dute kantuan. Bizipoza transmititzea da abestiaren asmoa. “Saiatu naiz euren errealitatea erakusten eta errealitate horretara gerturatzen, dramatik aldenduta beti”.
Beste euskal sortzaileren artean, Eñaut Elorrieta abeslari gernikarrak eta Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak parte hartu dute ekimenean
Kantuagaz Aspanogi eta Aspanovas elkarteko kideei elkartasuna adierazteaz gain, haur eta gazteen jarrera azpimarratzea bilatu du abeslari gernikarrak. Izan ere, jarrera positibo hori dela bizitzan aurrera egiteko egokiena deritzo. “Jarrera hori da ederrena eta positiboena. Ez bakarrik elkarte horietako kideen etsipenerako, baita bizitzeko eta bizitza planteatzeko ere. Hori da interesgarriena. Gauza mingarri eta gordinei buruz berba egin behar da, errealitate horiei aurrez aurre begiratu behar zaie, izan ere, ezin ditugu ekidin, saihestu, baztertu. Ezin ditugu estali. Aurrez aurre begiratu eta bizitzaren alde egin behar da, eta aurrera egiteko indarra bilatu”.
Grabazioa, berezia
Bideokliparen eta kantuaren grabazio eguna “oso egun sentikorra” izan zela dio Elorrietak. “Lehenengo aldiz batu ginen denok elkarregaz. Han geunden denok, minbizia pasatu duten edo pasatzen duten ume horiekin. Oso hunkigarria izan zen”, azaldu du, eta horrelako errealitatea gazteen eskutik ezagutzea “ikaragarria” izan zela dio. “Indarrez betetako jendea dira. Euren borrokatzeko gogoa eta bizitzeko gogoa ikustea ikaragarria da”.
Esperientzia honek “pentsarazi” egin dio, eta oso eskertuta dago: “Horrelako proiektu batera ematen joan eta jasotzen amaitu dut. Beharbada, horrelako egoera bat bizitzean konturatzen zara zer den garrantzitsua eta zer ez, eta zer egin gura duzun zure indarragaz. Iruditzen zait jende horregaz egotea sekulako ikasgaia dela. Beteta eta energiaz beteta amaitu nuen”.
Bizipoza transmititu dute egitasmoan, bizitzeko gogo ikaragarria. Izan ere, hori da Bizipozako elkarteek sentitzen dutena. Eguneroko errealitate gordinen aurrean, alaitasunez eta bizitzeko gogoz borrokatzen dute, eta herri inklusibo bat eraikitzeko bidean jarrera eraikitzaile eta positiboa dutela argi geratu da.