Udalak herriko ostalaritzaren informazioa ematen duen atal bat sortu du webgunean
Guztira, 57 establezimenduren informazioa jaso dute. Zerrenda ez dago zarratuta, gura duenak izena eman dezake.
Bermeoko Udalak atal berria zabaldu du turismoari bideratutako webgunean (www.bizibermeo.eus) Atal berri horretan herriko ostalaritza establezimenduen (taberna eta jatetxeak) informazio eguneratu eta osatua eskaintzen da, kanpotik datozen bisitariek herriko eskaintza gastronomikoaren berri izateko.
Guztira, 57 establezimenduren informazioa jaso dutela diote, herriko jatetxe eta taberna guztiei bertan azaltzeko aukera eman ostean. Gaineratu dute, zerrenda ez dagoela zarratuta, eta baten batek interesa edukiko balu, aukera badagoela horretan sartzeko.
“Gure helburua da herriko jatetxe eta tabernen informazioa bisitariei modu errazean eskuragarri jartzea. Atal berri honek horretarako aukera ematen du eta uste dugu oso erabilgarria izango dela. Gainera, herriko eskaintzari bultzada emateko tresna izatea nahi dugu”, esan du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.
Atal berriak informazio osatua eskaintzen duela azaldu dute: zein motakoa den, zein den bere produktu aipagarriena, lokalaren ezaugarriak (helbidea, telefono zenbakia, terraza duen edo ez, wifia eskaintzen den edo ez, sare sozialen helbideak…).
Hiru ataletan banatu dute informazioa: mahaian gozatzeko, pintxoak eta txikiteoa eta ogitartekoak, razioak, pizzak…