Bermesex zerbitzuak 100 tailer baino gehiago eskainiko ditu
Aurrez-aurreko arreta zerbitzua ere martxan da joan den barikuaz geroztik. 16:00etatik 17:30era egongo dira, barikuetan, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko 2. solairuan.
Bermeoko Udalaren Sexologia Orientazio Zerbitzua den Bermesex-ek zerbitzua indartu du ikasturte honetan. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, sexualitatearen heziketa afektiboan oinarritutako tailerrak eskainiko ditu herriko lehen eta bigarren zikloko ikastetxe guztietan. Denetara, 100 tailer baino gehiago emango dituzte.
San Frantzisko herri ikastetxean eta Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutoan (OLHUI) urtarrilean egin zituzten tailerrak. Herri ikastetxean, Lehen Hezkuntzako (LH) 6. mailako ikasle guztiek (56 ikasle) parte hartu zuten, eta OLHUIn, berriz, lehen mailako 21 ikaslek parte hartu zuten.
Otsailean izan zen Sagrado Corazon ikastetxearen txanda; DBH2. eta DBH4. mailetako 100 ikasle inguruk jaso zuten formakuntza. Azaldu dutenez, guztira, sexualitate heziketa afektiboak burutzeko 55 minutuko 16 saio burutu dira ikastetxe horietan. Gainera, maila horietako ikasleen gurasoei zuzendutako bilera telematikoak ere egin dituzte.
Tailerrei buruz galdetuta, irakasleen balorazioa “oso positiboa” izan dela diote, eta ikasleentzako “oso dibertigarria” izan da; “asko ikasi dutela” adierazi dute.
Martxoan, Eleizalde ikastolako DBH2 eta DBH4. mailetako ikasleengana (127 ikasle) hurbilduko da zerbitzua, eta apirilean, berriz, Arozena-Barrueta Institutuko DBH2 eta DBH4. mailetako ikasleengana hurreratuko da, 120 ikaslerengana, hain zuzen. Amaitzeko, maiatzean, Eleizalde ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek (47 ikasle) parte hartu ahal izango dute tailerretan. Ikastetxe bi horietan, gainera, aholkularitza zerbitzua eskainiko da ikastetxean bertan, aurreko ikasturtean egin bezala.
Berriro martxan. Gogorarazi dutenez, Bermesex zerbitzua aurrez-aurreko zerbitzua eskaintzen hasi zen berriro joan den barikuan. Herriko gazte, heldu, irakasle, guraso, hezitzaileei… eskaintzen die arreta zerbitzuak.
Koronabirusaren eraginez Bermeo gune gorrian egon den bitartean zerbitzua telematikoki bakarrik eskaini da. Hamabostean behin eskaintzen dute aurrez aurreko zerbitzua, barikuetan, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko 2. solairuan, 16:00etatik 17:30era. Hala ere, beste zenbait aukera eskaintzen dituzte zerbitzuko arduradunagaz harremanetan jartzeko: Sare sozialak (Facebook, Twitter, Instagram, skype), posta elektronikoa (bermesex@bermeo.eus) edo telefonoa (644 89 86 61).
Udaletik gogorarazi dutenez, Bermesex zerbitzua sexuan eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa da.